Oiloa artaleen atzetik bezala

ORAIN pare bat aste, Juan Carlos Méndez Guédez venezolarraren Arena negra nobela irakurtzen ari nintzela, kolpean, burura etorri zitzaidan Fernando Franco sevillarraren La herida, azkeneko Zinemaldian bi sari nagusi (epaimahairen berezia eta aktoresa onenarena) jasotako filma. Egun batez etxetik alde egin zuen aitak utzitako absentzia kontatzen du nobelako neska narratzaile eta protagonistak. Filmak, aldiz, neska baten sen auto-hondatzailea du kontakizun, eta pelikulak ez du iradoki baino egiten dramaren atzean ez ote dagoen neskaren aitak ere etxea abandonatu izana. Bi obretan adin bertsuko neskak dira protagonistak. Tonu depresibo halako bat darie bi lanei?

Horregatik lotu nituen? Ez dut uste. Horregatik bakarrik ez, behintzat. Elkarren arteko antzak izendatzen hasita, luze joko lidake zerrendak, horixe egia. Baina zerrenda askoz luzeagoa da bien arteko desberdintasunena, oso gauza erraza da zernahiren arteko antzak aurkitzea: aski da imajinazio pixka bat. Esan nahi dudana da, antzak antza, La herida eta Arena negra oso desberdinak direla. Aipatu berdintasunak auziaren azal dira eta ez mami.

Orduan? Zerk eraman ninduen bi obren arteko lotura egitera?

Bien egituraketa da gogoan iltzatuta geratu zaidana. Fragmentoez osatutako hezurdura. Zatien antolamendua. Baina horrelako nobela asko dago, zinea sekuentzia laburren antolaketa da. Beraz, beste nonbaiten behar du auziaren sekretuak, eta uste dut piezen izaeran eta euren arteko loturan dagoela giltza. Puska bakoitza autonomoa da, mikro-testu batzuen traza dute guztiek. Eta puska batek ez du, lehen kolpean, zerikusirik hurrengoarekin. Eta honek segidakoarekin. Baina filmak edo nobelak aurrera egin ahala, ikuslea/irakurlea puzzlea osatzen hasten da. Grafikoki esaten den bezala, "bere pelikula egiten". Eta kreditu-tituluak hasi bezain aise edo liburua itxitakoan, istorioan atzeraka egiten hasten gara gu, jakiteko zerk ekarri duen zer. Lo-bezperako lokuman gaudenenean bezala da. Pentsamenduaren erdi loan, izan berri dugun ideia bitxi batek harritzen gaitu -nola iritsi ote naiz honaino?-, eta errebobinatzen hasten gara ideia bitxiaren iturrira itzuli nahian?

Francisco Franco, filmaren zuzendaria, sona handiko zine-muntatzailea da: fotogramak, pieza solteak lotzea da bere lana, sekuentzien joskuran dago bere artea. La heridari antzematen zaio; baita eskertzen ere. Juan Carlos Méndezek, berriz, aztertuak ditu Interneteko nabigazioak gure irakurtzeko erari ekarritako eraginak, eta azterketaren ondorioak aplikatzen dizkio bere narratibagintzari. Interneten gabiltzanean link batetik bestera jauzika, oiloak ematen dugu, orain artale arruntenaren antzetik, gero zizaren mardul baten bila, eta, asetzen hasi ahala, oiloak artale txiki batera jotzen du, edo zizare triste baten atzetik? Eta guztiz alderraia dirudien ibileran, oiloak papoa betetzen du. Kontakizuna bukatu da.

Edo ez. Fragmentuz osatutako lanek ez digute dena kontatzen. Hasiera eta bukaera garbiko oturuntzara gonbidatzen gaituzten kontakizun tradizionalek ez bezalako otorduak zerbitzatzen dizkigute Méndezek eta Francok, gu istorioaren konplize eta egile bihurtuz.

Filma bukatutakoan, liburua itxi dugunean, zer jana gelditu da, han-hemen, oilategiko lur hilean. Oiloa ase duten artale eta zizareekin, lur hilean geratu direnekin eta guk asmatutakoekin, istorioa mokoratzen eta aberasten segituko dugu etxera bidean.

Hamabostero urgainen

anjel lertxundi