HAIZEAK ez du babesik aurkitzen Bilboko Irala auzoko Andrés Isasi kale meharrean, eta sargoreak are neketsuago egiten du eguerdi parteko jarduna. Pabilioi zahar eta mutuek ganbara bakartiak eta bakanak gordetzen dituzte. Sanpek zuzentzen duen Koba estudioa litzateke horietako bat. Bertan egin dute habia azkenaldian Kirmen Uribe idazleak eta Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek, eta leku horretan kitatu dute urriaren 18an New Yorken aurkeztuko duten lan mainatua: Jainko txiki eta jostalari hura.
Diskoaren titulua bera ere deigarria da, eta agudo azaltzen du Urdangarinek izenburuaren nondik-norakoa: "Tira, neurri batean guztiok gara jainko txikiak, ezta? Norbanako legez, gauza handiak egiteko gai gara, eta hanka-sartze galantak ere bai, sortzeko edo birrintzeko, indartsuak gara, ahulak... Hori dena eta gehiago. Gure bertsio guztiei eginiko keinu bat da disko hau, izenburuan bertan aldarri bat dagoela, humanismoarekin zerikusi handia daukana". Kirmen Uribe du alboan Mikelek, eta aspaldiko lagunaren berbak azpimarratzen ditu: "Pertsona eta kolektibitatearen arteko gatazka dago lan berri honen azpian, eta, aldi berean, adiskidetasunaren birjaiotza bat ere bai. Edozelan bere, titulua jolas bat da, badauka puntu nerabe eta zoro hori...". Rafa Ruedak ganbarako ertz batetik laguntzen dio idazle ondarroarrari ("nerabe eternoak garelako!") eta barre-algarak hartzen du estudioa.
Hamar urte igaro dira Zaharregia, txikiegia agian egitasmoa sortu zutenetik, eta tarte horretan aldatu dira asmoak, gogoak, moduak... Eta aldatu dira, ezinbestez, protagonista ia denak. "Jakina, orain helduagoak gara, ibilbide aberatsagoa dugu denok, eta hori igarriko da lan honetan", aurreratzen du ia ahopeka Rafa Ruedak. Mungiarrak minutuak daramatza begiak Sanperen nahaste-mahaian iltzatuta dituela. Bertan, titiburu beltzen traza duten botoi tenteak daude, dozenaka, ehunka. Mahaia zabala da eta mikrofonoz, baflez, aurikularrez, kablez eta prebioez gainezka dago. Anabasa kontrolatua, Sanpek ondotxo baitaki non dagoen tramankulu bakoitza. "Hemen kon-pontzen da dena, hemen txukun-tzen dira abestiak, akatsak, tonu aldaketak..., baina ez inori esan, e?", dio teknikari bizardunak.
Gelan argia apala da eta giroa freskoa. Aire egokitua badabil. "Argi gutxi eta umore ona behar da hemen". Berriro Rueda, adarra jo-tzeko errotari eraginez. Ondoan, Uribek adi-adi jarraitzen ditu Urdangarinen azken ahaleginak. Zornotzarra estudioaren bunkerrean sartu da, musikari eta abeslarien eremu hosgabetuan. Kristalaren beste aldetik datozen akorde berriei adi, melodiaren hipnosiak harrapatu ditu denak. Errepikapen amaibakoetan tematzea da askotan estudioko lana, den dena arteztu arteko lan nekagarria, letra eta melodia, melodia eta letra, biak uztartzen diren arte.
"Testuek badute elkarren antza, baina denetarik egin dut, bertsoak ere bai", azaldu du Uribek. "Tradizio kutsua dute -jarraitu du- eta umorea zein tristura erakusten dute, baina, batez ere, gure herriarekiko kezka galanta".
gauza inportante bat Mikelek amaitu du. Aurikularrak aulki gainean utzi, bere gitarra zaharrari funda jantzi eta teknikariaren ganbarara bueltatu da. "Ondo, ezta? Ondo geratu da?", eta guztiek baietz, erritmoa ondo gorde duela, ahotsa bikain maneiatu duela. "Dena ondo, Mikel". "Begira, gauza inportante bat egiten ari gara. Sentsazio hori daukat behintzat, sinistuko ez banu ez nuke esango", arrazoitu du Urdangarinek, giro mistikoari eutsiz. "Kirmenen letrak zoragarriak dira, anitzak eta sakonak, orekatuak, eta orain bai, lan hau osorik eta ondo mamur-tzeko astia izan dugu".
Jakina, Zaharregia, txikiegia agian beste kontu bat izan zen. Esperimentu txiki bat, libertimendu bapatekoa, abentura polita. Baina hau desberdina izango dela diote sortzaileek, ernaldia bera desberdina izan den neurrian: "Joxean Lizarribarren heriotzak batu gintuen. Nik esan nion Mikeli ez nuela beste lagunik galdu nahi, eta hortik abiatu zen dena. Heriotz baten eraginez bildu gara berriro", gogoratu du ondarroarrak.
Taldea pertsona berdinek osatzen duten arren, formatoa ere aldatuko da apur bat. "Ez dugu nahi larregi aurreratu, oraindik zuzenekoak ez baititugu ondo zehaztu, baina hor ere egongo dira aldaketak", agertu du Uribek. Azaroaren amaieran kaleratuko dute lana, disko-liburu formatuan.
Andrés Isasi kaleko ganbaran erlojua mutu dago; iluntzeko 19:53an ito ziren bere azken ahaleginak, ez dakigu noiz. Hortxe pausatu da denbora, bertan suertatutako une magikoen argazki bat bailitzan.