Neguko ilunabarretan, haizeak iparraldetik jotzen duenean, arnastea ere da jasangaitza Islandian; su hartzen dute birikiek ehunka, milaka izo-tzezko orratzen ziztadengatik. Iparraldeko iparrean, heriotzaren morroia da negua. Eta 1614koa urtetako latzena izan zen, bertako nekazarien desditxa areagotuz. Hurrengo urteko udazkenean, ordura arte zuri-garden ziren lurrak gorriz tindatuak izan ziren. Irlaren mendebaldean dagoen Vestfirôir aldean izotza gorriz blaitu zen, giza odolak berezko duen gorri ilun horrekin izan zen zikindua, gorrotoz kutsatua.
Spánverjavígin esaten diote Islandian historiako pasarte ilun horri. Espainiarren kontrako sarraskia, zelanbait; 31 baleazale euskaldun torturatu eta akabatu zituzten garai gogorregiak bizi zituzten hainbat islandiarrek, Ari Magnusson jauntxoaren presiopean. Sjón idazle reykjaviktarrak Rökkurbýsnir nobela argitaratu zuen 2008an eta gertakari horiek ekarri zituen gogora. Nahiz eta laugarren mendeurrena beteko den 2015ean, azkenaldian hasi dira Islandian honi buruz sakonago hitz egiten, "lotsagarria baita pasarte hau islandiarrentzat", idazlearen iritziz. Horren ondorio da sortu berri den Islandiar-Euskaldun Anaitasun Elkartea.
Baleen ehiza XVI. mendeko euskal baleazaleek urtero egiten zituzten espedizioak Ternuara eta, handik bueltan, Islandian geldialdi laburrak egiten hasi ziren 1600. inguruan. Ekain-uztailean heldu eta irailerako etxerako bidea hartzen zuten, tarte horretan baitzen seguruen ur horietan nabigatzea.
Baina euskaldunek dirua egiten zuten bitartean, aro iluna bizi zuten islandiarrek. Danimarkaren kolonia ziren eta Erregeak debekatua zien inorekin negoziorik egitea. Erabat zapalduak bizi ziren nekazari miserableak: ezer gutxi landa zezaketen lur antzu haietan, ganadua ere eskasa zen eta norbaitekin trukerik egitekotan hamarrena pagatu behar zioten Erregearen ordezkariari. Halere, moldatzen ziren tarteka isilpeko negozioak egiteko: egurra haragiarengatik aldatuz, bale koipea sukalde tresnengatik trukatuz, eta abar.
Kulturalki ere "aro iluna" bizi zuten islandiarrek, Sjón-en hitzetan: "Kristautasunetik protestantismorako aldaketa ez zen historia ofizialak aurkeztu nahi duen bezain baketsua izan. Kristau kutsua zuen edozeren kontra gogor egiten zuen Eliza Luteranoak".
Eta baleazale euskaldunak kristauak ziren. Baina ez ziren bakarrak, baziren oraindik ere kristau sentitzen ziren islandiarrak. Horietako bat zen Jón Laerdi, Jón Jakintsua, Akademiatik kanpo bizi zen zientzia-gizona. Bere testuei esker heldu da gaurdaino garai hartan jazotakoa. Kultur trukaketa bilatzen zuen Laerdik eta beste hainbat islandiarrekin batera harreman onak egin zituen baleazaleekin, betiko izkiriatuta lotuko ziren glosarioak sortzeraino. "Glosario hauek, gainera, argi uzten dute erlazio komertzial hutsa baino gehiago izan zutela", azaldu du Viola Miglio doktoreak. Kaliforniako UCSB unibertsitatean Barandiaran Katedraren burua da italiarra eta sakonki aztertzen ari da pasarte hau. "Erlazio ko-mertzialetara mugatu ziren, pidginetan argi geratzen da ez dagoela kontzeptu abstraktuen beharrik. Baina hauetan azpimarragarriak dira mota horietako esamoldeak, duda barik hitz egitearen plazeragatik sortuak izan zirenak". Horregatik da hain harrigarriagoa urte hartan gertatutakoa.
Ospakizun mikatza Ur arriskutsuak ziren iparraldekoak, piratak eta kortsarioak ezkutatzen baitziren han, sabanako hiena gosetien antzera, besteek altxorra noiz topatu zain. Ipar-mendebaldeko bi badia naturaletan ainguratu ohi zuten euskaldunek. Talaia ederra zuten, baleak begiztatu zein etsaien hurreratzea aurreikusteko. Denboraletik babestu eta lana errazten zieten golkook ere, behin animalia harrapatuta lehorrean urtu behar baitzuten koipea, ikaragarrizko hatsa sortuz. Horrek inguruko familiekin akordioetara heltzea behartzen zituen, tarteka tira-biraren bat eraginez.
1615eko uda amaieran hiru euskal ontzi ailegatu ziren Martin de Villafranca, Esteban de Telleria eta Pedro Aguirre kapitainen agindupean. Laerdi-ren testuek diote irailaren 20an bukatu zutela lana. Garaiz. Marinelak edanean eta kantuan zeuden bitartean, hiru kapitainek zeinek zer eraman adosten zeuden Villafrancaren ontzian. Baina halako batean, iceberg batek Telleriaren ontziaren popa jo eta haitzen kontra bota zuen danbada ikaragarria eraginez. Izu-ikaraz, itsasgizonak ez ziren ontzia menderatzeko gai izan eta labarra jo ostean Aguirreren branka zartatu zuen gogorki barkuak. Erruz sartzen zen ura ontzietara eta Villafrancarenera salto egiten hasi ziren laurogeitik gora marinel.
Villafrancaren ontziak ere pitzadura larriak izan zituen harri, izotz eta burdin pusken kolpeen eraginez. Gainontzeko biak urperatzen zeuden bitartean, ur gainean mantentzen zen barku bakarraren brankatik saiatu ziren marinelak lehorrera heltzen, baina hiru gizon zanpatu zituen itsaso errukigabeak: Pedro Aguirreren lehengusua, Asensio deituriko arpoilari handia eta identifikatua izan ez den marinel bat.
Aztoramenari aurre eginez, zortzi txalupetan hegoalderantz joatea erabaki zuten. Jökulfirðir-era ailegatu ziren ekaitzaren erdian eta ontzi handiago bat aurkitu zuten, hutsik. Inori ezer esan gabe bereganatu eta hegoalderago joatea deliberatu zuten. Baina Villafrancaren gizonek beste bide bat hartu zuten. Hura izan zen elkar ikusiko zuten azken eguna.
Gizonen ehiza Ontzian hegoaldera joan zen taldeak, Vatneyri-ra heltzean, Bjorn eta Ragnheidur ama-semeen azienda topatu zuen. Eskuzabaltasun osoz eman zieten ostatu hauek. Bestalde, Villafrancaren taldea bitan banatu zen. Arazo larriena zen Danimarkako Koroak ez zuela uzten irlan, neguan, atzerritarrik egotea eta arazorik egotekotan eskubidea ematen ziela nekazariei nahi beste kanpotar hiltzeko.
Ari Magnusson jauntxoak hamarretik gorako gizon-partida bat antolatu zuen eta Villafrancaren bigarren taldeko hamalau marinelak erraz topatu zituzten. Laerdik dio euskaldunak hitz egiten saiatu ziren arren bertakoak ez zeudela berriketarako prest: nekazaritzarako tresnak erabilita marinelen burezurrak txikitu, bularrak zulatu eta itsasora bota zituzten gorpuak, paganoekin egin behar zen bezala. Gizon bakarrak lortu zuen ihes egitea: testuetan Garcius bezala agertzen dena eta historialariek Donostiako Gaspar edo Miguel García bezala identifikatu dutena. Hasia zen ehiza.
Egun gutxiren buruan ehiztarien taldean 50 gizon baino gehiago zeuden. Pertsonaia iluna zen Magnusson: noblezia danimarkarrarekin harremana zuen Kristin gaztearekin ezkontzeko edozer egiteko kapaza zen, baita aurreko urteetan euskaldunekin izandako isilpeko negozioak ezkutatzearren marinel guztiak asasinatzeko ere. Trobadoreak mehatxatu zituen euskaldunen kontrako legendak asmatuz giroa berotzeko eta nekazari txiroenei ere egin zien xantai, jazarpenean parte hartu ez izatekotan zigortuak izango zirela aginduz.
Bigarren talde honek Villafranca eta bere gizonak topatu zituen aterpe batean. Kronikek diote Donostiako kapitainak bere gizonen bizitzagatik erregutu zuela arma lurrean utzita. Une berean, baina, gizon gazte batek ikaragarrizko kolpea eman zion klabikulan mailu batekin. Atoan, jaiki eta itsasora bota zen Martin. Atzetik jarraitu zuten islandiarrek, harriak jaurtiz, buruan jo zioten arte. Oraindik ere bizirik, lehorrera eraman zuten donostiarra eta bertan, denen aurrean, laban batekin zabaldu zioten aurrealdea, zintzurretik barrabiletaraino. Orduan egin zuen azkenekoz arnas kapitainak.
Villafrancarekin zeuden gainontzekoekin berdina egin zuten: torturatu eta animaliei baino errespetu gutxiagorekin bizitza errotik atera. Kontua da baleazale koitaduak ordurako gizaki izateari utzi ziotela. "Giza kondizioa ere ukatu zieten. Hori da sarraski basatienetan beti gertatzen dena", hausnartu du Sjónek.
Apirilera arte lauzpabost espedizio gehiago antolatu zituen Ari Magnussonek, baina inork ez topatzea lortu zuten geratzen ziren 50 baleazaleek. Udaberria heldu zenean, ontzi ingeles bat bereganatu eta alde egin zuten marinel eta kapitainek, sei hilabeteko negu izoztua atzean utzita, bere 31 lagunen gorpuekin batera.