ez da hemen musikarik, urarena baizik. Tarteka, oso tarteka, haizearen ziztu laztanak laguntzera hurbiltzen dira. Gaur ere euria da, eta bazter honetan euria inon baino bustiago sentitzen da. Hezetasuna ukigarri dago. Antzoki huts da ingurune hau.

Irati ibaia zeharkatu beharra dago helmugara ailegatzeko. Zubi zahar eta oldarkorra da aukera bakarra, urteek sasoia gogotik ebatsi badiote ere. Urak handi, eta pasabidea urduri, baina bertzaldeak merezi.

Zuhaixka ttikiak bidelagun direla, berehala ageri dira eliza, jauregia, etxebizitza gutti batzuk. Erdi ezkutuan, ez dute erraz agertzen lepoa. Errekak eta xirripak hainbertze, lehen bide zen tokian; ura nonahi goitik beheiti, zangoak itoz etengabe; bidea oztopo arin bihurtuz. Osina eta sasia hurbildu ahala. Sastrakak inguratzen ditu etxeak, estaltzen etxarteak, ixten sarrerak. Misterio zirraragarri da bertzela ere bizitoki arrunt izanen zena.

Jauregiaren ataria, larraina, oraino ere saiatzen ari da ongi etorri elegantea egiten, baina ezindu ageri da. Jauntxoa izanen zuen honek, seguru, paperek hala erranen dute. Inor ez orain, ordea. Izatea galdu du erret etxeak, baina oroimen sendo da bere hezurdura hotza. Atean, iltzeak egurra utzi nahi du, bere betiko atsedena lurrean hartzeko, nahiago, nonbait. Huntza-gabardina berde-berdea jantzi dute harrizko dorre eta pareta hauek; hotzari aurre egiteko, lirudike.

Antzoki huts honetan, nahi genukeen kontakizuna joka genezake, imajina liteke. Hitzik gabeko lengoaiak pasadizoak dakarzkigu gogora, pasarteak, irudiak, ametsak edota sentsazioak. Sormenak nahi gabe jartzen ditu pertsonaiak eta protagonistak, elkarrizketak eta irriak, soinuak eta gertakizunak... baina... herri honen istorioa zeinek kontatuko digu? Ez dago bertan inongo berriren arrasto ozenik; dokumentuetan eta artxiboetan dago jada. Lastima.

Gizakiaren, alegia, gure geure presentzia bera ere arrotz egiten zaigu herri bakartuarekiko. Nori eskatu baimen hemengo denboraren geldia puskatzeko? Ezin inori adierazi bizitoki honi tokatu zaion patua onartu izanaren ausardiak sortzen duen lilura.

Hiruzpalau eraikinen artean zutik, tinko, begia zorrotz; pausu bat eta hurrena, etengabeko bira inguratzen gaituenari so... Bakartasun honetan, ez ote da beldur herrixka hau? Nor du gauen babesle? Nor du uholdeen salbatzaile? Elurren ohartarazle? Akaso, hurbil dituen Uli eta Mugeta herri abandonatuen konpainia sentituko du... hori baino ez, paradoxikoa bada ere.

Natura bere tokia berreskuratzen ari da, antzinako garai batean kendu zioten hura berriz hartzen hasia da duela hamarkadak. Ez baitio, gainera, inork lan hori eragozten. Leihoak ez dira, honezkero, leiho. Funtzioak eta balioak, itzal bidean. Ailegatuko da noizbait denboraren hats samina, eta ezabatuko du herri honen lorratza, desagerraraziko bere presentzia. Bitartean, hor izanen da Larrangotz.