aDNaren frogek esan dutenean Ingalaterrako Rikardo III.arenak direla iragan udan parking bateko obretan aurkitutako eskeletoa eta kaskezurra, Hamlet en-tzun dugu kaskezurra buruan hartu eta izan edo ez izan esaten. ADNak frogatu du, halaber, erregea ez zela konkorduna, baina Shakespearek konkordun egin bai-tzuen Rikardo III.a erregea izen bereko tragedia ezagunean, erregeak konkordun izaten segituko du guretzat, nahiz zientziak kontrakoa esan. Ez dago frogatuta errege hark "nire erresuma, zaldi baten truke!" esan zuenik ere, baina berdin dio: Shakespearek haren ahotan jarri zuen esaldia, harenak izango dira hitzok sekula-sekulatan.

Mundua mundu den bitartean, Plantagenet dinastiako azken erregeak ezingo du gainetik kendu izen bereko errege literarioaren itzala: Rikardo III.ak botere gupidagabearen sinboloa izaten segituko du gure imajinarioan, baita historiak demostratuko balu ere errege hura ardi otzan koitadu bat izan zela.

Rikardo III.aren garaian, jende arrunta ingelesez mintzatzen zen, gortean dotoreagotzat zeukaten frantsesa, Ingalaterrako erresuma osoan latina zen hizkuntz administratiboa. Handik ehun urtera ere, halatsu segitzen zuen egoerak: Shakespeareren jaiotze-data latinez dago. Frantsesaren xarma urtzeko zorian zegoen Tudor dinastiaren eraginez. Eta Shakespearek lehen dramak idazteari ekin zionean, ingelesa guztiz ondu gabea zegoen literatura egiteko.

Baina literatura aukeren artea baita, Shakespeareren jenioak pagotxa ikusi zuen besteek eragozpenak ikusten zituzten tokian: txirbilak atera zizkion hizkuntzari, bere sen dramatikoaren sukaldera ekarriz garai hartan ezagutzen zen historia (Rikardo III.arena, kasu), etxean eta kalean entzundako legendak, han-hemen irakurritakoak. Ez zukeen hizkuntza berrituko ez balu literatura berritu. Ez zukeen literatura berrituko hizkuntza berritu gabe.

Hizkuntza berritzeko haren gaitasuna eta haren arte literarioa boterearen mekanismoak biluzteko orduan manifestatzen dira gardenen. Inork ez bezala biluztu ditu aginteak berarekin dakartzan ezaugarri eta osagaiak -boterea, megalomania, ustelkeria, isolamendua, diru-gosea, arbitrariotasuna, konspirazioak?-, hain betikoak eta hain gaurkoak.

Baiki, hark emandako istorioak oso egiten zaizkigu gaurkoak ere, horregatik da Shakespeare klasikoa, betikoa. Rikardo III.a dramaren azkenaldian, Isabel erreginak diotso Rikardori: "Proposamen ondradu batek arrakasta hobea izaten du lañoki espresatzen denean; baina alferrikakoa da lañoki espresatzea ondradua ez dena". Eta hi-tzok irakurritakoan, azken aldiko gezurren kiratsa datorkigu sudurrera, Rajoyren eta enparauen ustezko lañotasun berdingabearekin saldu nahi zaigun ondradutasun falta guztizkoa.

Saihestezina da baita ere Rajoy ikusten segitzea dramaren azken partean. Rikardo IIIak, larritasun guztizkoaren eraginez, errukia eskatzen du ateratzeko zulotik: "Nire erresuma, zaldi baten truke!". Bakardadearen hotsa du erantzunak. Orduan, koroia esku artean hartu eta isiltasuna urra-tzen du erregeak:

- Zenbat pisatzen duen!