Durango. Urteko uzta erakusteko garai ona izaten da Durangoko Azoka argitaletxe askorentzako, baina bada joera berrien erakusleiho ere. Krisiaren arrastoa kultur industrian zeharo errotu den garaiotan, badago gauzak beste modu batera egin daitezkeela frogatu eta agertzen duen ekintzailerik. Gaizka Zubizarreta idazle urrestildarra dugu horietako bat.
Ausardiaz betetako proiektuan murgildu, eta bere lehen liburu autoeditatua argitaratu zuen orain dela hilabete eta erdi. Mujer de canela izan da bere ametsaren emaitza -hogei urterekin euskaraz idatzi zuen liburuaren gaztelaniazko bertsioa-, eta Bubok zigilu digitaleren bidez lortu du. Bere esperientziaren nondik norakoak kontatzeko izan zen atzo Durangoko Azokan, ezjakintasunaren itsasoan urperatuta dagoen gaiaren inguruan argi pixka bat jartzeko asmoz.
Idazle berri baino, nahiago du independente deitu diezaotela: "Independentea inongo argitaletxearen menpe ez dagoena da". Bere esanetan, bi faktore daude idazle batek autoedizioaren bideari ekin diezaion: batetik, internetek eskaini dituen baliabide izugarriak, eta, bestetik, egun dagoen krisialdia. Testuinguru horretan argitaletxeek idazle berrien aldeko apustua egitea zaila izaten da. Autoediozioaren aldeko apustua egin baino lehenago, bere eleberriaren proiektua argitaletxe bati aurkeztu zion Zubizarretak: "Katalogoa itxita dugu eta krisialdi handia dago", esan zioten. Hala ere, eskuizkribua ona zela eta autoeditatu zezan gomendatu zioten. Urrestildarrak hala egin zuen, idazlearentzat "bakardade handiko bideari ekinez".
Bere liburuaren editore, zuzen-tzaile, diseinatzaile... izan den heinean, esperientzia abesagarria izan da. Horrek ez du esan nahi arrosaz betetako bidea ekin duenik. Autoedizioaren erronka nagusia "motibazioa" izan zela dio, aurreiritzi asko baitago. "Irakurleak baloratzen al ditu behar bezala autoedizioaren bidea hartzen duten liburuak?", galdetzen zion Zubizarretak bere buruari. Saiakerak hausnarketa sakonak egiteko aukera eman dio, eta argi dauka: "Autoediozioaren arrakasta irakurleak erabakitzen du, bera da indar gehien duena". Indar hori ahoz-ahokoan dago; izan ere, liburuen inprimatzea "eskaera bidezkoa" da, "ekonomikoki arrisku gutxiago sortzeko". Bestetik, irakurlearen eta idazlearen arteko harremana estuagoa da, zigilu digitalak elkarrekintzarako erraztasun asko ematen baititu.
Edonola ere, "bigarren liburu bat idatziko banu ez nioke aterik itxiko argitaletxeei", dio Zubizarretak, bere eleberriaren euskarazko bertsioa ateratzearekin amesten duenak. Hori bai, argitaletxeekin zorrotz ageri da: "bere salmenta politikak aldatu behar dituzte eta literaturak elitista izateri utzi behar dio".
beteranoen ibilbidea Argitaletxeek jartzen dituzten oztopoez nazkatuta, duela urte bete, Fernando Morillok argitaletxe independentea sortu zuen: Gaumin. Aurten stand propioa du azokan eta bertan dihardu egunotan burubelarri, irakurleekin kontaktu zuzenean. Edizioaren prozesu guztia bere esku izatean "asko ikasi" duela aitortzen du. Sorpresak ere aurkitu ditu bidean; esaterako, argitaratutako audioliburuek izandako arrakasta. Ildo oso zehatzarekin lanean jarraitzeko xedea du: "Gure asmoa da egile ezberdinen lan bereziak kaleratzen jarraitzea".
Idazle beteranoak krisi bikoitza dagoela dio, ekonomikoa eta argitaletxeena; azken hauek "ezarritako sistema" zaharkituta omen dago eta. "Inflexio puntu batean gaude orain", uste du Morillok. Iluntasunez inguratuta, teknologia berriei nola heldu jakin gabe omen dabil argitaletxeen industria. Horregatik, "independenteon lana beste bide batzuk probatzea" dela uste du Gaumineko arduradunak.
Gauzak beste modu batera egin daitezkeela frogatzeko, Sistemaren krisia gainditzeko modukoa da liburua kaleratu du Javier Lertxundi Iratzarri enpresako aholkulariak. Testua gaztelaniaz eta euskaraz -itzulpena Koikili Lertxundik idatzi du- argitaratu du liburu berean, Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioaren bidez gauzatu duen argitalpenean. Instituzioen laguntzaz autoantolakuntza ekitearen alde azaltzen da Lertxundi, "argitaletxe batzuk merkatua menperatzen" dutela esanez. Hori dela eta, sistema iraultzeko prest ageri da.
"Pentsamoldea aldatu behar dugu, hainbat arlotan", dio Lertxundik. Beraz, argitaletxeen kontrolpetik at argitaratu nahi dutenentzat autoedizioa aukera bat dela pentsatu behar da. Ez aukera errazena, noski; baina bai aberasgarria. Bere ida-tziak argitaratuta ikusi nahi dituenarentzat ametsa egi bihurtzeko modu malkartsua, baina egingarria.