BILBO. Arineketan eginiko testuak, liburu kaskarrak, premiazkoak, ahuldutako kultura batek behar beharrezko zituenak, itzulpen narrasak, erdipurdikoak... Fortunaz, iraganeko kontuak horiek denak. Gaur egun euskal literatura sendo dago edo harro erakusten ditu kanpoan bere emaitzak, nagusien literaturan ontzen direnak zein haur eta gazte literaturan argitaratutakoak.

Atzo bertan Londresera bidaiatu ziren gure egileak, Galtzagorri Elkartearen eta Etxepare Institutuaren eskutik, IBBY (International Board on Books for Young People) Nazioarteko Kongresura, hain zuzen. Bertan gure literaturaren ehundura gaurkotua agertuko dute, Patxi Zubizarreta idazleak eginiko testua ardatz hartuta.

Galtzagorri Elkarteak (galtzagorri.org), Etxepare eta OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundeen laguntzarekin, euskal literatura ardatz izango duen ikuskizuna taularatuko du abuztuaren 24an, bihar bertan. "Ikuskizunean herrien arteko mugak, orpoz orpo dauden hizkuntzen arteko uztar-tzeak eta hartu-eman horietatik sortzen den literatura islatuko da", diote Galtzagorriko arduradunek. Aurtengo kongresuaren leloarekin (Crossing boundaries: Translations and Migrations, hau da, Mugak zeharkatzen. Mugimenduak eta Migrazioak) bat egin nahirik sortu da ikuskizuna.

Paperean hegan/Flying Over Paper izenburuarekin aurkeztuko da performancea. Hain zuzen, Galtzagorri Elkarteak bere garaian Koldo Mitxelena kulturunearen laguntzarekin sortu zuen ikusen-tzunezkoaren izen bera erabiliko dute, baina ikuskizuna erabat berria da, Patxi Zubizarretak azpimarratu duen legez: "Propio egin dugu kongresu honetarako. Pozik gaude emaitzarekin. Kanpoan ez da horrelako asko ikusten, Euskal Herrian ez bezala, horregatik uste dugu atsegin handiz hartuko dutela ikusleek".

Diziplina anitz Ikuskizuna Patxi Zubizarretak (ahotsa eta gidoia), Jokin Mitxelenak (ilustrazioak), Joserra Senperenak (musika), Gema Arrugaetak (irudiak eta alde teknikoa), Maddi Oihenartek (kantua) eta Idoia Noblek (interpretariak) eskainiko dute. Bertan literatura, ilustrazioak, musika, irudiak eta kantua uztartuko dituzte. Eta helburua garbia da, Zubizarretaren aburuz: "Munduari guk egiten duguna erakutsi nahi diogu. Kultura batek sustrai sendoak behar dituelako, bai, baina baita hegoak, kanpora ateratzeko". Idazle gipuzkoarrak dio Kongresu hau aukera ezinhobea dela gure hizkuntza eta gure literatura plazaratzeko: "Europan gogo handiz hartzen gaituzte, eta Espainiako leku askotan ere bai, inoiz ez baitute izan euskara entzuteko aukerarik. Munduari zabalik gaudela erakutsiko dugu. Nola? Gure testuak alemanieraz, ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gazteleraz irakurriz".

Egun berean, Mari Jose Olaziregik (Etxepare Institutuko Euskara zuzendariak) euskal diasporaren inguruko txosten bat aurkeztuko du biltzarrean: Euskaraz sortutako Haur Literatura itzulia. "Herrialde batean egiten diren itzulpenek erakusten dute zein interes daukan herri horrek munduarekiko. Gu oso aurreratuak gaude zentzu horretan, Euskal Herrian maila handiko itzulpenak baititugu, kalitate handikoak. Eta jatorrizko hizkuntzetatik itzultzen da gero eta gehiago. Esaterako, orain arabieratik euskaratu dira liburu bi". Honela, ostiral honetan Imperial College aretoa Euskal Haur Literaturak eman dituen hainbat liburuz hornituta egongo da. Besteak beste, Mariasun Landaren Txan fantasma; Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak; Juan Kruz Igerabideren Printzesa begi-zulo; Patxi Zubizarretaren Midasen eraztuna; eta Elena Odriozolak ilustratutako Quando vem a lua. Itzulpena zubi garrantzitsua da euskararentzat, eta Galtzagorri elkartearen ustez "etorkizuna kalitatean dago kantitatean bainoago". Alde horretatik esfortzu handia egiten ari da Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura hobea eta ezaguna izan dadin. Londreseko ahalegin berri honek ekarriko du onurarik.