Hilaren 30era arte hirukotearen ibilbidea gogoratzeko parada egongo da Donostiako Haur Liburutegiko erakusketarekin. Besteak beste, panpinak, diskoak, bideoak, liburuak, komikiak, ileordeak, sudur gorriak eta egunkarietan agertutako artikuluak egongo dira ikusgai.

Lehen emanaldia 1972ko martxoaren 25ean egin zenuten Donostiako Kresala elkartean baina Kixki, Mixki ta Kaxkamelon izenpean.

Bai, halaxe ibili ginen hamairu urtez Euskal Herrian barrena eta Txema Vitoria taldean sartu zenean izena aldatu genuen, telebistan hastearekin batera.

Nola gogoratzen dituzue garai haiek?

Oso pozgarriak izan ziren hasieratik. Gauza bat, baina, bitxia da: inondik ere ez genuen pentsatu pailazoak izango ginenik. Hasieran ez genuen inoiz pentsatu horretan, baina euskal kontuen aldeko hamaika saltsatan sartuta geunden Kresala elkartean -haur batzorde batean, hain zuzen ere-, eta giro horretan bururatu zitzaigun pailazo talde bat sortzea, euskaraz ez zegoelako horrelakorik.

Zergatik zuek?

Ez dakit ba, akaso kalamitoso samarrak ginelako. Maite genuen giroan, jende jatorrarekin aritu ginen. Esperientziak Euskal Herria ezagutzeko parada eman zigun, baita lagun asko egin eta euskara ikasteko ere.

Oso une bereziak izan ziren...

Kontuan izan gurea izan zela grabatutako lehen telebista saioa. Euskal aktore famatuenak gurekin hasi ziren, besteak beste, Mikel Garmendia, Jose Ramon Soroiz, Kontxu Odriozola eta Elena Irureta… Gidoigile bat zer zen oraindik ez genekienean gurekin lan egin zuen Andoni Egañak. Ondoren Carlos Zabala eta Eneko Olasagasti etorri ziren…

Harrobi ederra!

Bai, guretzat luxu eta plazer handia izan zen. Beste alorretan ere saia-tzeko aukera izan genuen, hainbat funtzio landu genuen, diskoak, liburuak... Errebotez etorritako gauza bat izan zen baina ez diogu inoiz pailazo izateari utzi.

Euskararen aldeko lan itzela egin zenuten.

Ahalegin handia egin genuen, batez ere euskara txukunez hitz egiteko: horri garrantzi handia eman genion hasieratik. Garai horietan ez zegoen eredu bat Euskal Herri osorako, euskara batuaren garaietan sortu ginen gu. Beharrezkoa zen batua, noski, baina orduan erabiltzen ari zen euskara hura oso hotza zen, ez zen guretzako egokia. Pailazoak espresioa behar du, unean ulertzen dena gainera. Horrek lan handia eman zigun, eta nire Filologia ikasketei esker egoerari aurre egin genion.

Musika ere beti jo duzue funtsezkotzat.

Bai, horrek ere lagundu zigun prestatzera. Beti landu ditugu musikaren kalitatea eta euskararen maila, maila bateko hizkuntza, bizia, eragiten duena.

Esan ohi da orduko umeak inuzenteagoak zirela, egia al da hori?

Zentzu on batean, inuzenteagoak ziren lehenago. Gaur egun, esate baterako, ez dago 13 urteko umerik, oso azkar bihurtzen direlako nerabe. Gu hasi ginenean, berriz, adin horretako publikoa joaten zen gure ikuskizunera inongo problemarik gabe eta ederki pasatzen zuten. Hori galdu da, inozentzia arinago galdu egiten dute. Kontsumo modak direla eta, berehala hasten dira bestelako gustu eta zaletasunekin, eta hori pena handia da, ez diogu haurtzaroaz gozatzen uzten.

Eta esango zenuke exigenteagoak direla egun?

Ez, garai haietan exigenteagoak ziren. Gaur egun, ematen bazaie ustez gustatu behar zaiena, zergatik da? Alde guztietatik propaganda izugarria dagoelako, eta neurri handi batean ez dakite zer gustatzen zaien ere. Zergatik ikusten dute Bob Esponja? Telebistan ateratzen delako…

Orduan zuentzako zailagoa izango da asmatzea…

Ez, gure bidea erabili dugu beti eta ez dugu inongo problemarik izan. Agian harrokeria izango da baina beti asmatu dugu, komunikatzeko problemarik ez dugu izan inoiz.

Euskal Herriko lehen pailazoak izan zineten zuek, baina azkenaldian konpetentzia itzela sortu da… Ondo konpondu zarete talde berriekin?

Hasi ginenean gure helburua zen pailazo talde gehiago egotea, eta ildo horretan, pozgarria da egungo egoera. Batzuekin ondo konpondu gara, beste batzuekin ez hainbeste. Euskal Herriaren bidea berezia da, askotan gauzak nahastu egiten dira, batzuk politikan sartu dira promozioa egiteko… Denetarik dago bizitzan.

Zure ustez, zein da Txirri, Mirri eta Txiribitonen ezaugarri nagusia?

Pailazo mota asko dago: erabat mutuak, bakarka aritzen direnak, zirkokoak… Zirkoan, esate baterako, sketch bat prestatu eta mila aldiz errepikatzen dute publiko ezberdinaren aurrean: efektu asko erabiltzen dituzte, malabarismoak eta abar. Guk, berriz, pailazo antzerkiaren alde egin genuen hasieratik: istorioak kontatzea zen helburua.

Eta jendea istorio horiekin identifikatu egiten da.

Bai, hiru pertsonaiak direlako pertsona bakoitzak bere barruan dauzkan alderdien sublimazioa. Txirri, Mirri eta Txiribitoni esker, pertsonok zein barregarri garen ikusteko gai gara. Beti elkarrekin ibili gara hirurok eta beti defenditu dugu barrea oso ona dela.

40. urteurren honetan, zein lelo aukeratu duzue?

Berrogei urteko algara leloa aukeratu dugu, hori izan baita gure helburua. Ez gara inoiz profesionalak izan, baina profesionalak izango bagina bezala aritu gara programak, diskoak, bideoak eta abestiak egiten.

Krisi garaian garrantzitsuagoa al da pailazoaren lana?

Bai, barrea oso eraginkorra da, baina ez barre tontoa. Krisia oso latza izaten ari da jende askorentzat eta pailazoak bere sustraia aldarrikatu behar du. Pailazoa matxinoa da, ez dago boterearen menpe eta barrea erabiltzen du oso arma indartsua delako. Barrea gauzak aldatzeko eta salatzeko erabili behar da. Krisi honetan badago jende asko onura atera eta besteak zapaldu nahian, eta horri guztiari aurka egin behar zaio. Pailazoak deserosoak dira, batez ere handikientzat. Horregatik gustatzen zait gauza bat azpimarratzea: pailazoak ez dira ume txikientzat bakarrik, mundu guztiarentzat baizik.