Antolatzaileek adierazi dutenez, elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldien aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Gaurko saioan, topaketaren moderatzailea Felix Linares kazetari eta aurkezlea izango da.
Urteko bigarren hitzorduan, "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak literatuaren eta identitatearen arteko harremana jorratuko du Zulaikarekin eta Del Tororekin. Ia bi orduko saioan,hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, bakoitzaren sexuak idazketan duen eragina, joera politikoen arrastoak edo identitateren bat besteen gainetik dagoen ala ez.
2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrietako Liburutegiak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepulveda eta Unai Elorriaga edo Toti Martinez de Lezea eta Jose Luis Corral.
Joan den urtean zehar hamar topaketa burutu ziren, eta haietan 1.600 pertsonek hartu zuten parte. Hurrengo topaketa martxoaren 16an izango da, eta bertan egongo dira Raul Guerra Garrido eta Jorge M. Reverte, "literatura eta gerra" gaiari buruz hitz egiteko.