GERO eta anitzagoak dira Interneteko domeinu motak. Puntucom-ak sareko bizilagun bakarrak ziren garaiek pleistozenoa ematen dute hain arin eboluzionatzen duen mundu honetan. Gerora ailegatu ziren herrialdeetako matrikulak izango ziren .es, .fr eta abarrak. Internet horretara mugatzea, mapa politikoen muga zurrun eta askotan irrealekin hegoak moztea bezelakoa izango zen.
Duela hamar-hamabi urte, katalan talde batek -teknologia eta beste zenbait kontuetan aitzindari izatera ohituak, bide batez esana- kultura katalana eta hizkuntza bera sareen sarean egon beharraren inguruan egin zuen gogoeta. Ez zen bi laguneko koadrila -ez eta gutxiago ere-, Sorotan Belek zioen moduan, baina bikote bat aipatu behar da bereziki: Amadeu Abril eta Jordi Iparragirre. Lehenak, interneteko domeinuak esleitzen dituen ICANN nazioarteko erakundean ibili zen lanean eta, bigarrenak, Puntcat Fundazioa zuzentzen du egun. Mundu mailan domeinua eskuratu duen lehenbiziko komunitate kulturala da Katalunia fundazio honi esker. Ateak zabaldu zizkieten katalanek hamar gehi bat nazioei, zelanbait estaeko; horien artean, Euskal Herria. Hitzaldia emango dute gaur Durangoko Azokan Nacho Amadoz, Puntcat-eko kidea eta Iratxe Esnaolak, PuntuEus-ekoa.
Itsumustuka
"Lekua behar zuen hizkuntza eta kultura katalanak sarean"
Orain dela hamarkada luze guzti honen inguruan hitz egiten hasi zen talde katalanak ez zituen gauzak argi; ez zegoen markatutako biderik. Hala ere, Abril bezalako izen handiek asko lagundu zuten urrats zehatzak ematen. "Pertsona klabeak izan ziren Abril eta Iparragirre guzti honetan", dio Amadozek. "Oso prozesu geldoa izan zen, ICANNek proposamena jaso eta ez zekielako zer egin". ICANN, aurrerago aipatutakoaz gain, interneteko oreka mantentzeaz arduratzen den erakundeetariko bat da. "Mundu osoa islatuta egotea zaila bada ere, nazioarteko beste erakunde askok baino sentisbilitate handiagoa du Afrikako herrialdeen ahotsa barneratzen, adibidez", Iratxe Esnaolaren iritziz. Gauzak honela, erabaki bat hartzen denerako hilabeteak eta urteak pasa daitezke. Ulergarria beraz, inoiz bururatu ez zitzaien proiktu bat jasota, zer egin jakin ez izana. "Hasteko, azaldu behar izan genien komunitate kulturalen domeinuak ez zirela lurraldetako domeinuen konpetentzia", azaldu du hizlari katalanak. "Beldur ziren ere hacker informatikoen sarera bidea izatea. Hala ere, interes askorekin galdetu zuten domeinu tipologia berri horren zergatiaz eta luze jo zuen Abril eta abarren azalpen fasea, baina azkenean ulertu zuten. Lan pedagogiko luzea zen, baina kultura baten inguruan mugitzen den jendeak behar du marka berezitu bat eta ulertu zuten".
Cat izan zen puntuaren osteko lehen hizkuntza komunitatea. Eta hori gutxi balitz, aitzindari izate hori oso begi onez hartu dute ICANNen; beraiek konbentzitu bakarrik ez, proiektuan aurkeztutako txostenen datuek guztiz bete baitira gerora eta, Amadozek berak dioen moduan, "estimu handiz hartzen dute puntvat-aren adibidea eta ICANNen bozka eskubidea izatea lortu dugu katalanek, kultura eta hizkuntz komunitate gisa".
Guzti honen buru katalanak izatea ez da harritzekoa; teknologia munduan, musu truk, itzulpengintza lanak edota wikipediako sarrerak sortzen jende asko ari da; "wikipedian, adibidez, katalan hizkuntza, munduko lehen hamarren artean agertzen da, entziklopedia irekia elikatzeaz ari garenenan", azpimarratu du puntcat-ekoak.
Ogi puxkak jarraituz
"Katalanek ondo egindakoa hona estrapolatu dugu"
PuntuEus Fundazioa katalanen lorpenaren ondorioz sortu zen. Hiru urte beteko ditu hurrengo urteko apirilean, Esnaolak dioen moduan "gaur egungo beharrei erantzuten dioen" elkarteak. Argi dauka ingeniari informatiko euskaldunak .eus-aren garranztzia: "Bere garaian, telebista eta irratia erronka ziren moduan euskararentzat, orain internet da. Interneteko ikusgarritasuna berebizikoa da, existitzen denari izena ematea da domeinuak lortuko duena".
Hiru urrats eman behar dira dena delako webgunea euskalduna dela argi ikus daiten. Lehena, komunitatearen atxikimenduak batu, gero bideragarritasun ekonomikoa frogatu eta azkenik bideragarritasun teknikoa bermatu. ICANNek ezarritako irizpide hauek malguak dira, komunitate bakoitzak bere ezaugarriak dituelako eta, beraz, ez du atxikimendu kopuru zehatzik eskatzen. PuntuEus-ekm 26.000 lortu ditu dagoeneko: "Nahikoak dira, baina zenbat eta gehiago hobe; batzen jarraituko ditugu", Esnaolaren hitzetan. Bideragarritasunen zergatia, behin domeinua eskainita, Fundazioak mantendu behar izango duelako da. Katalanen kasutik ikasi duten gauza erabilgarriena "prozesua zarata handirik egin barik burutzea da".