Nahiz eta berria ez izan, berriro azaldu da debatea. Kataluniako bi alderdi politikok uko egin izan diote hainbat eztabaidetan parte hartzeari, eskuin-muturraren presentzia dela bide. Konkretuki, hiru alderdiren agerpena salatu dute eztabaidetan (bi independentista eta espainiar-zentralista bat). Kanpaina betean piztu zaie han eta hemen aldizka izaten dugun mintzagaia: nola defenditu demokrazia eskuin-muturra bezalako kontzeptu lauso baten aurrean. Arrunt ezkorra naiz gai honekin; aitortu behar dut. Izan ere, iruditzen zait auzia aste gutxi barru itxiko dela, itxi litekeen modurik okerrenean: geroratua eta banitate-politikoan estalia.
Eztabaida hau biziatuta aurkeztu izan da maiz; eta horrek zimenduetatik okertu egiten du planteamendua. Estrategia eraginkor bat bilatu beharrean –helburu jakin bat lor lezakeena–, norberaren posizionamendu morala lehenetsi izan dugu gehienetan –nahiz eta hau faltsua izan–. Saiatuko naiz hau laburrean esplikatzen. Estrategia bat, definizioz, helburu bat lortzera bideratutako ekintza eta erabaki planifikatuen multzoa bada; lehenik eta behin, xedea zehaztasunez definitzea oinarrizkoa izan beharko litzateke. Bestela esanda, argi izan beharko genuke zer den eskuin-muturra; eta, zehazki, zein eskemekin egiten duen lan. Zorrotz identifikatu beharko genituzke konklusioen eraikuntzan espektro ideologiko horrek darabiltzan premisa eta mekanismoak. Hasteko, eskuin muturra ez da bloke monolitikoa. Populista izan daiteke edo ez. Indarkeria erabili dezake edo ez. Ez dut hori guztia kontzeptuaren ezeztapen gisa esaten, edo kaltegarria ez dela adierazteko; baina, zerbaiten kontra egin nahi bada, ezinbestekoa deritzot problemaren ezagutzan sakontzea –baita izan ditzakeen ondorioetan ere–.
Helburua behar bezala ez ezagutzearen alternatiba bakarra itsu-itsuan ibiltzea da. Non hasten da itsutasuna? Esango nuke arazoa pertsonifikatzen den momentuan bertan; eskuin-muturraz hitz egin beharrean, alderdi edo pertsona konkretuez aritzen garenean bakarrik. Jakin badakit sinplifikazio logikoa dela kontestu instituzional batean; baina, egia da, konturatu orduko, sakoneko arazoa zokoratu egiten dugula. Ez gara diskurtsoez mintzatzen, pertsona eta erakunde konkretuez baizik; ez dugu arrazoinamendu jakin bati aurre egiteko estrategia diseinatzen; ordea, toki eroso bat bilatzen dugu, distantzia hartuta, alderdi politiko bat edo bi nola hazten edo behera egiten duten perspektibaz ikusi ahal izateko.
Eta borrokatu nahi den hori ez badago behar bezala zehaztua, nola egongo da ba borrokatu nahi den horri aurre egiteko estrategia –singularrean esan badaiteke–? Hamarkada luzeetan osasun-hesiaren kontzeptua finkatu zen Europan barrena. Ez soilik Europan. Urteen joan-etorrian desitxuratu egin da, husteraino. Izan ere, ba al dago osasun-hesiaren esanahi unitariorik? Zer nolako hedapena dauka? Eta, batez ere, noiz eta nola aplikatu beharko genuke? Telebistetako debateetara joateari uko eginda? Gobernuetan sarbidea oztopatuta? Egitez bai, noski, baina ez-egitez ere bai? Osasun-hesiak berdinak al dira sistema politiko batean zein bestean? Esango nuke gauza bakarrean gaudela ados: desadostasunean. Ez, ez da egi ukaezina; eta ez, estrategia ezbaian jartzeak ez luke inor etikoki onargarria den planotik kanpo utzi behar. Hitz hori talisman bihurtu dugu; eta zuzentzen zaizkion kritikak, behin edo behin, heresia. Era desegokian interpretatu dute askok Karl Popperren tolerantziaren paradoxa ezaguna –intolerantziarekin intoleranteak izateari buruz hitz egiten duena– eta hasi gara ondorioak nozitzen. Pentsatzen dut honek guztiak gogoeta egitera bultzatu beharko gintuzkeela. Duela urte batzuk, gertuko hainbat demokraziatan mekanismo horiek birpentsatzen hasi ziren. Ez zaizkigu motiboak falta.
Hortaz, inefikazak iruditzeaz gaindi, osasun-hesi asko arriskutsuak iruditzen zaizkit. Batetik, kordoi horren kanpoan edo barruan geratzea sasi-adostasun baten esku dagoelako; eta –ez gaitezen inozoak izan– adostasun hura nahieran erabilia izan daiteke. Bigarrenik, eta kezkagarriagoa, kanpoan geratzen denak askatasunez –fiskalizazio eskasarekin– eskuin muturrak darabilen eskemak berak erabili ditzakeelako. Debatearen ardatza pertsona edo erakundea bada –ez ideologia–, nahita saihestu nahi zen horrekin kutsa daiteke diskusioa, isilean. Hori bai, norberak etxeko lanak txintxo egin dituelakoan; kontzientzia garbiak ematen duen lasaitasunarekin. Hirugarrenik, planteamenduak eta alternatibak pobretzen dituelako; zuzenean eta zeharka. Zuzenean, gaiak ekiditean tabuei bide ematen baitzaie; areago, argumentuak ikuspegi liberal eta demokratiko batetik kontrastatzea saihesten bada, zein da entzuten den teorizazio bakarra? Qui prodest? Zeharka, gainerako aukera politikoak kaskarragoak egiten dituelako, mediokreagoak. Arazoa handitzen denean, planteamendu osoa erradikalek boteretik mugi ez zaitzaten bada, zuk ez duzu zertan ona izan. Ez duzu zertan hobetu. Ez duzu zertan ezer berririk edo merezi duenik eskaini. Nahikoa duzu mugaren beste aldean ez izaten. Pauperizazio mota bat da eta hautesleei xantaia egiteko tresna. Botoa eman behar dizute, bai, baina beldur hutsagatik: politikan inork zu hautatzeko izan dezakeen arrazoirik okerrena. l