Ez da erraza norberaren iraganeko zauriak barkatzen laguntzea. Carmen Maganto EHUko psikologo eta irakasleak dioenez, adineko pertsona askok bakarrik sufritzen dituzte iraganeko zauriak, eta ez dituzte erraz gainditzen iraganeko zenbait atal. Ildo horretatik, adineko pertsona askok ez dute gogoratzen aurreko egunean egin zutena edo jan zuten janaria, baina iraganeko pasarteak gogoratzeko gai dira. Hori da gaur ere ikastaroan eztabaidatuko duten ataletako bat. Izan ere, bertaratzen direnek ikasi ahal izango dute nola lagundu pertsonei bizitzaren amaieran lasai eta bakean egon daitezen, damurik eta tristurarik gabe. “Garrantzitsua da sendatze emozionala”, aitortu du Carmen Magantok.

Ildo horretan, profesionalak gaineratzen duenez, besteei nola lagundu lantzeko, garrantzitsua da senideak edo zaintzaileak, lehenik, bere burua aztertzea eta frustrazioari aurre egiten ikastea. Garrantzitsua da, halaber, adineko pertsonarengandik zer lortu nahi duten jakitea. “Nahi duzue jatea? Kalera ateratzea? Pertsona horrekin hitz egitea? Helburuak finkatzea eta pixkanaka joatea”. Baina garrantzitsuena ongizate emozionala dela kontuan hartuta. “Ezaugarri asko behar dira, baina baita komunikatzeko gaitasunak ere. Garrantzitsua da poliki hitz egitea. Begietara begiratu. Galdera bat egin. Erantzun arte itxaron. Adineko pertsonei gogoratu behar zaie bizitzan egin dituzten gauza garrantzitsu guztiak eta zenbat balio duten”. “Denbora eskeini behar diegu, beraiekin lasai egoten, arreta jartzea eta entzuten jakitea. Horrela, agian beraien emozioez ere hitz egitea lortuko dute eta ez dira bakarrik sentitzen”, ondorioztatu du Carmen Magantok. Gaur jardunaldiaren bigarren saioa ospatuko da Bizkaian.