- Frantziako estatuan txerto ziurtagiria derrigorrezkoa ezarri nahi dutela eta, zenbait diputatuk heriotz mehatxuak jaso dituzte, hauean artean Vincent Bru eta Florence Lasserre Lapurdiko ordezkari zentristek. Bi legebiltzarkideek salaketa aurkeztu dute. "Lehen mehatxua posta kutxan jaso nuen urkatuko nindutela aipatuz. Joan den igandean, mehatxu oso zehatza jaso nuenez Frantziako gobernuaren ordezkariak babes eta zaintza handiagoa jarriko didala hitz eman dit" adierazi du Vincent Bru kanboarrak.

"Mehatxuek ez gaituzte beldurtzen, lanean ari gara eta gure lana ez dugu utziko. Ulertzen dut txertoaren kontra izatea. Ikuspuntu desberdinak defendatzen ahal dira. Eztabaida guztietan, 300 bat eskutitz jasotzen ditugu baina orain mehatxuak dira. Beste diputatu baten tailerra erre dute" zehaztu du Bruk. "Txertoarekin herritarrak babestu nahi ditugu eta ez aspertu Emmanuel Macron errepublikaren presidenteak adierazi duen bezala. Deitoratzen dut zalaparta handia sortu duen adierazpen hori.

Akatsa da elkarrizketa publiko batean horrelakoak botatzea" dio Vincent Bru diputatuak. Lapurdiko legebiltzarkideak oroitarazi du Frantziako estatuan oraindik bost milioi lagun txertorik gabe daudela. Arduratsuago jokatu behar dutela uste du kanboarrak.

Ipar Euskal Herrian ere osasun egoera larritzen ari da. Baionako erietxean 36 paziente artatzen dituzte, horietatik 13 suspertze zerbitzuan.

Pirineo Atlantikoetan inzidentzia metatuak errekorra gainditu du 1 279koa baita 100 000 biztanleko. Herritarren %20k ez du oraindik txertorik hartu Pirineo Atlantikoetako departamenduan.

Izurritearengatik eskola sartze zaila egin behar izan zuten Ipar Euskal Herrian joan den astelehenean. Irakasle eta ikasle batzuk falta dira eta protokolo berria indarrean dago kutsatu direnekin harremanak izan dituzten lagunak kudeatzeko.

Hezkuntza sailaren arabera oraingoz egoera ez da katastrofikoa, irakasle asko ez baita falta oraindik. Halere, ordezkoak kontratatzen segitzen dutenez hautagaien motibazio gutunak eskatzen dituzte. Sindikatuak kezkatuak eta haserre daude ez baitute uste hautagai asko izango denik gaizki ordainduak diren lanpostuetan aritzeko.

"Ordezkoak maiz falta dira, garai hauetan oraindik gehiago. Langile berriak tarrapataka hartzen dituzte, laster eta gaizki. Maiz ez dira ongi formatuak, ondorioz ez aski egokiak irakasteko, eta gainerat gaizki pagatuak gehienetan" salatu du Barthélémy Mottay, lehen mailako irakaslea eta SNUipp sindikatuaren idazkariak.

"Baldintzak negargarriak dira : ikasle taldeek ezin dute elgar gurutzatu. Protokoloa aldakorra da, gero eta pisuagoa, gehienentzat nekagarria" dioenez.

Mottayk deitoratu du Frantziako gobernuak protokolo berria eskola sartzearen bezperan jakinarazi zuela. Seaskaren 38 ikastoletan, lau irakasle baizik ez dira falta egun hauetan gaixorik edo gaitzarekin harremanetan egon direlakoan. "Itzulera zailagoak jasan izan ditugu" dio Hur Gorostiaga Seaskaren zuzendariak. "Oraingoz moldatzen gara baina ordezkoak miatzen ditugu beti".

Enpresetan telelana indarrean jarri dute, astean hiru egunez. Birusa hedatzen ari dela eta, Baionako gizarte segurantzak sarean baizik ez ditu eskaintzen bere zerbitzuak. Bere egoitzara joateko aurretik hitz ordua hartu behar da.