- Merkataritza elektronikoak indarra hartzen jarraitzen du sektore guztietan. Internet bidezko elikadura-erosketak, hainbat produktu erostea... merkataritza elektronikoaren erabilera ere handitu duen azken sektorea Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektorea da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenaren arabera.

Hala, estatistiken txostenaren arabera, 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektoreko enpresak nabarmentzen dira merkataritza elektronikoaren erabileran eta I+G+b jardueretan. Gainera, sektore horrek datu positiboak izan ditu, berriz ere; 2018aren aldean areagotu egin da bai enpresa-kopurua (% 0,6) bai enplegu okupatua (% 1,9). 2010etik -eskuragarri dagoen serie historikoaren lehen urtea-, IKTen sektoreko enpresa-kopurua % 29,5 areagotu da, eta lanpostu-kopurua, % 17,4. Zehazki, 2.708 enpresa eta 23.975 lanpostu kontabilizatu ziren sektore horretan 2019an -balio maximoak 2010etik-; enpresaren tamaina, batez beste, 8,9 pertsonakoa zen. Gainera, eta horri berari dagokionez, txostenak zehazten du sektore horretako enpresen % 6,6k I+Gko barne-jarduerak egin dituztela, eta ehuneko hori sektore guztietarako erregistratu zena baino handiagoa dela. Kasu horretan, %1,0 erregistratu zen, eta % 6,6 IKTen sektorean, beraz, igoera nabarmena bata bestearekin alderatuz. Gainera, IKTen sektoreak (EAEko enpresa guztien % 1,8 baino ez du hartzen) I+G egiten dutenen "% 12,8 hartzen ditu, eta, 76,0 milioi eurorekin, enpresa-sektoreko barneko I+Gko gastu osoaren % 6,7 gauzatzen du", azaltzen dute.

Ildo beretik, "2019an, sektore horretan I+Gn lanaldi osoaren balio baliokideaz diharduten 1.252 enplegatu zebilen; haietatik, % 24,4 (305) emakumeak izan ziren. I+G jardueran dabiltzan enpresen sektoreko langileen artean, % 9,0 IKT sektoreko enpresetan daude; alegia, % 6,4, baldin eta erkaketa I+Gko langile guztiei dagokienez egiten badugu", zehaztu dute. Bestalde, berrikuntza dela eta, I+Grekin gertatzen den bezala, "alde esanguratsuak antzematen dira sektore guztien eta IKTen sektorearen artean". Hala, 2019an, IKT sektoreko establezimenduen % 32,8 berritzaileak izan ziren, eta, sektore guztiak aintzat hartuta, % 18,2 izan ziren berritzaileak. Enpresaren tamaina kontuan hartzen bada, 10 enplegatuko edo gehiagoko etan, % 59,9ra iritsi ziren, lehen kasuan, eta, sektore guztiak aintzat hartuta, % 30,8ra.

Datu deigarri gisa, berrikuntza-jarduerek egin zuten gastuari buruzko datu ekonomikoa ere eskaintzen dute. Izan ere, eta zehatz-mehatz, IKT establezimenduek 220 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten. Hori sektore guztien gastuaren % 8 inguru da, Eustatek zehazten duenez. Zenbaki horiek banakatuta, nabarmentzekoa da 181 milioi baino gehiago hamar langileko edo gehiagoko establezimenduei dagozkiela, hau da, tamaina horretako enpresek gastatutako guztiaren % 7,4, hain zuzen ere. Gainera, IKTen sektoreak sektoreek baino I+G+b baliabide gehiago bideratu zituen, gastuari buruzko zifrek adierazten duten bezala; bai berrikuntzari dagokionez, bai barneko I+Gari dagokionez, negozio-zifrarekiko.

"IKTen sektoreak, halaber, sektore guztiek baino baliabide-proportzio handiagoa bideratu zuen I+G+b jarduerara, eta hala erakusten dute berrikuntzarako eta barneko I+Grako gastura bideratzen dituen zifrek, negozio-zifrei dagokienez (intentsitate-ratioak berrikuntzan eta barneko I+G jardueran)", azaldu eta erantsi dute:" Zehazki, berrikuntzako intentsitatea 3,9koa da sektorean, eta 1,6koa sektore ekonomikoen guztizkoan. Barneko I+Gren kasuan, ratioa 1,9koa da IKTen sektorean, eta 0,8koa, guztiak aintzat hartuta". Bukatzeko, txostenean adierazten denez, IKT teknologien erabilera oso zabalduta dago sektore horretako enpresen artean; Interneten eta webgunearen eskuragarritasuna ia % 100era iritsi da; sektore guztien kasuan % 90 baino pixka bat gehiago.

Txostena. Eustatek bere txostenean adierazten duenez, merkataritza elektronikoaren finkapena ez da hain handia izan, gainerako sektoreetan baino garatuago badago ere, batik bat salmentei dagokienez. Hala, IKTen sektorean baliabide horren bidez erosi zuten establezimenduak % 75,7 izan ziren, eta salmentak egin zituztenak, % 15,5, eta, sektore guztiak aintzat hartuta, % 24,7 eta % 7,0. Ondorioz, "2019an, merkataritza elektronikoa IKT establezimenduen % 76,8an dugu, eta, sektore guztiak aintzat hartuta, % 27,1an dugu; alegia, ehuneko 8 puntu handiagoa lehen kasuan eta 0,8 puntu handiagoa baino ez bigarren kasuan, aurreko urtearen aldean".