- Interneten erabilerak gora egiten jarraitzen du arabarren eta euskaldunen artean. Adinekoen pertsonen artean ere gora egiten jarraitzen du, nahiz eta motelago egiten duen, eta, horrela, 65 urtetik gorako erabiltzaileen kopurua %42ra iritsi da. Horixe adierazten du Estatistikaren Euskal Institutuak (Eustat) joan den astelehenean Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Nazioarteko Eguna zela eta egindako azken txostenean.

Hala, eta txosten horretan azaltzen dutenez, Interneten erabilerak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Hain zuzen ere, milioi eta erdi euskaldun baino gehiago dira dagoeneko sarearen erabiltzaileak. Alde horretatik, eta datuen arabera, 15 urteko edo gehiagoko 1.551.600 lagunek erabiltzen dute Internet; hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %82,6k, hain zuzen ere. Datu horiek adierazten dute, halaber, aurreko urteko epe berarekin alderatuz gero, %2,4 ere igo dela 2020ko lehen hiruhilekoan. Eta adinaren arabera, zein adin-tartetan erabiltzen da gehien sarea? Txostenean islatzen denez, adinaren arabera, datuek adierazten dute Interneten intentsitatea eta erabilera murriztu egiten direla adinean aurrera egin ahala, eta, hain zuzen, agerian uzten dute "eten digitala" adineko pertsonen artean. Adibidez, 25 eta 34 urte bitarteko adin-taldean, ia %100 sareko erabiltzailea da (%99,9, zehazki); 65 urtetik gorako pertsonetan, berriz, %42ra jaisten da ehuneko hori. Zehazki, Eustaten hitzetan, "25 eta 34 urte bitarteko pertsona guztiek (%99,9k) erabiltzen dute Internet, baina ehuneko hori %42ra jaitsi da 65 urte eta gehiagokoen artean, nahiz eta 2020an gora egin duen talde horren erabilerak ehuneko 4,7 puntutan. Gainerako adin-taldeetan erabiltzaile-balioak %95etik gorakoak dira, 55-64 urte bitartekoen taldean izan ezik, non %90,4 baita (+4,5puntu)".

Ildo horretatik jarraituz, Internet erabiltzen dutenen artean, komunikazioari eta entretenimenduari lotutako zerbitzuak dira erabilienak. Hala ere, adinaren arabera aldatzen da hori. Esate baterako, WhatsApp komunikazioaren aplikazioa (edo antzeko aplikazioak) erabiltzen da gehien adin guztietan, gazte eta helduetatik hasi eta nagusietaraino. Izan ere, Internetek hainbat lekutako pertsonen arteko komunikazioa erraztu du, bai lagunekin bai familiakoekin, eta hori agerian uzten dute aplikazio horien erabiltzaileen datuek. Izan ere, Internet erabiltzen duten pertsonen %93k ere erabiltzen dute aplikazio-mota hori, eta %80,7k (batez ere 15-54 urte bitarteko pertsonak) entretenimenduarekin lotutako zerbitzuetarako erabiltzen dute Internet. Bestalde, sarearen bidez egiten diren erosketak ere ugaritu egin dira; gero eta ohikoagoa da arropa, liburuak, etxetresna elektrikoak bertatik erostea. Hala erakusten dute Eustatek argitaratutako zenbakiek.

Hala, eta txostenaren arabera, "%54,8k, oroz gain 25-44 urtekoek, ondasunak eta zerbitzuak erosten dituzte Internet bidez, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %45,2k. %64,2k banka elektronikoa erabiltzen dute, eta gehienak 25 eta 54 urte bitarteko erabiltzaileak dira, eta %53,5ek sare sozialak. Ehuneko hori %90,1era igotzen da 15-24 urtekoen artean, eta %78,1ekoa da 25-34 urtekoen artean", azpimarratu dute.

Gainera, txostenean islatzen dutenez, sare sozialen erabilera "gehien erabiltzen den" teknologiatzat ere hedatu da euskal enpresetara. Hain zuzen, hamar langileko edo gehiagoko establezimenduen %68,3k erabiltzen dituzte sare sozialak enpresa-xedeetarako.

Datuak. Interneten erabilerak gora egiten jarraitzen du arabarren eta euskaldunen artean. Adinekoen pertsonen artean ere gora egiten jarraitzen du, nahiz eta motelago egiten duen, eta, horrela, 65 urtetik gorako erabiltzaileen kopurua %42ra iritsi da. Horixe adierazten du Estatistikaren Euskal Institutuak (Eustat) joan den astelehenean Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Nazioarteko Eguna zela eta egindako azken txostenean.

Adinaren arabera. Interneten erabiltzaileen artean, gehien erabiltzen diren zerbitzuak komunikazioarekin eta entretenimenduarekin loturikoak dira, eta adinaren arabera aldatzen dira. Hala, WhatsApp eta mugikorrerako erabiltzen diren antzeko beste aplikazio batzuk dira gehien erabiltzen direnak adin guztietan, % 93tik gora; orobat, % 80,7k, batez ere 15-54 urteko pertsonek, entretenimenduarekin loturiko zerbitzuetarako erabiltzen dute Internet.

"25 eta 34 urte bitarteko pertsona guztiek (%99,9k) erabiltzen dute Internet, baina ehuneko hori %42ra jaitsi da 65 urte eta gehiagokoen artean".