- Urtarrileko azken larunbatean hasi ohi da Euskal Herriko Uinbertsitateko Unibertsitate Orientaziorako Azoka eta aurten ere ez da salbuespenik egongo. Hala, larunbat honetan, 2021eko Unibertsitate Orientaziorako Azokak ateak irekiko ditu, eta izena, EHUazoka eta formatua estreinatuko ditu, osorik online egingo baita.

“Helburua, berriz, betikoa izango da: unibertsitate aurreko ikasleei aukera akademikoari buruzko zalantza guztiak argitzen laguntzea”, EHUtik azaldu zutenez. Horrela, datorren ikasturtean unibertsitate-ikasketak egin nahi dituzten guztiek izena eman dezakete dagoeneko EHUazokan. “Azoka birtual honetan Euskal Herriko Unibertsitatearen 2021-2022 ikasturterako eskaintza akademikoari buruzko informazio guztia aurkituko dute, baita unibertsitaterako sarbideari, UPV/EHUko matrikula prozesuari, tasa eta bekei buruzkoa ere”, gaineratu zuten. EHUazokan sartzean, bi pabiloi erakutsiko dira. Lehenengoan, unibertsitatera sartzeko prozesuari, bekei eta tasei buruzko informazio zehatza ematen da, baita ikasleei eskaintzen zaizkien beste zerbitzu batzuei buruzkoa ere. Bigarren pabiloiak UPV/EHUko 19 eskola eta fakultateetako standak banatzen ditu, eta horietako bakoitzean, ematen dituzten graduei buruzko informazioa aurkituko da formatu desberdinetan (liburuxkak, bideoak, web orriak, etab.). Guztira, 103 graduk osatzen dute datorren ikasturterako egindako eskaintza. Eva Ferreira errektoreak EHUazoka modu birtualean ospatzeak dakarren apustu sendoa azpimarratu du: “Pertsonen mugikortasunerako eta aurrez aurreko jarduerak garatzeko zailtasun-uneak bizi ditugu, baina UPV/EHUk bere horretan jarraitzen du euskal gizartearekin eta, bereziki, hautu pertsonal baten bila eskaintza akademikoa aztertzen duten ikasleekin duen konpromisoarekin”, esan eta erantsi zuen: “Aurten, gure orientazio-azoka birtuala izango da: ahalegin handia egin da, baina merezi izan du, betiko zabaltasunez eta xehetasunez informatu ahal izango dugulako, mintzaldi gehiagotara modu birtualean joateko abantaila erantsita”.