- Araba Ekinean ekimena, pandemia dela eta atzeratu behar izan zela, Ekin Day jardunaldi nagusiarekin bueltatu da, hurrengo asteartean ospatuko dena Europa Jauregian 17.00etan. Saioa doakoa izango da, baina aurrez izena eman behar da alavaemprende.com webgunean.

Lurraldean izaera ekintzailea bultzatzea xede du eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak —BIC Arabaren bidez— eta Vital Fundazioak bultzatzen dute hau.

Aurtengoan, Moonshotak ekintzailetzarako lemapean, berrikuntza disruptiboan aditu handienetakoak bilduko ditu ekitaldiak, “etorkizuna duten proiektu ekintzaileak sortzeko gakoetako bat dela ulertuta, eta baita covid-19aren ondorioz gaur egun bizi dugun krisialdia atzean uzteko irtenbide berritzaile bati bidea emateko gakoa ere”, gogoratzen dute antolatzaileek.

Hau amaitzean, jakingo da zein ekintzaile izan diren saridunak Ekintzaile Handia eta Ekin Araban sarietan, eta nor izan den irabazle Zure ideiak balio du lehiaketako kategoria bakoitzean, 17 finalisten artean.

Horren aurretik, gaur bertan, Araba Ekinean-en Zure ideiak balio du lehiaketa horren 2020ko edizioan finalista izan diren 17 proiektu horiek aurkeztuko dira Europa jauregian, 19.00etatik aurrera. “Nahi duen oro joan daiteke jardunaldira, baina aurrez izena eman behar da alavaemprende.com webgunean. Ekitaldian, hautagaiek 5 minutu izango dituzte beren ideia aurkezteko epaimahaiari eta ikusleei”, adierazi dute gainera. Ekitaldi horretan hautatuko da Ikusleen Sari Berezia, bertaratutakoen artean egingo den bozketa bidez.