- Datorren ostiralean Osakidetzako langileek protestak egingo dituzte berriro, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta.

Ekitaldiek helburu izango dute gizarteari jakinaraztea zein den langileen muturreko egoera eta Osasun Sailari osasun-sistemaren arazo larrietarako konponbideak eskatzea: "langile falta, behin-behinekotasun tasa altuak Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, errekonozimendu eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan-baldintzen narriadura etengabea", jakitera eman zuten atzo. "Azken urteetako murrizketa-politikek osasun publikoaren ahultze progresibo eta kezkagarria eragin dute, eta hori agerian geratu da egungo osasun-krisian. Gure osasun-sistemak eguneroko bizitzan dituen giza baliabideen eta baliabide materialen eskasiaren adibide dira udan Lehen Mailako Arretako zentroetan bizi izandako egoerak", adierazi zuten prentsaohar baten bitartez. "Halaber, azken aldian Osakidetzarekin izan dugun elkarrizketa eza eta Osasun Sailak zuzendutako negoziazio kolektiboari buruzko politika negargarriak salatu nahi ditugu", erantsi zuten.

"Osasun-sektorearen egoera honen aurrean, gure erantzuna, protesta gisa, arduradun politikoei, Osasuneko sailburu berriari eta dagokion gobernuari zuzenduta dago. Beraiek dira osasunaren eta gure lan-baldintzen narriaduraren erantzule bakarrak. Osasunean gehiago inbertitzeko borondate politikorik ez izateak honako hauek eragin ditu: murrizketak, arretaren kalitatearen galerak eta 11 urte lan- baldintzen akordio arautzailerik gabe igarotzeak", salatu zuten. Irailaren 18an, kontzentrazioak 13:00etan, lehen mailako arretako lantoki guztietan izango da.