Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Hizkuntza gutxituek indarra izan behar dute beraien herrian, eta hizkuntza hori ulertzen dutenek eta dakitenek hitz egin behar dute, bestela galtzera kondenatuta egongo da. Hau, eta beste hainbat gogoeta eta ikerketa gehiago, joan den asteartean aurkeztu zituzten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Letren Fakultatean, Linguistic diversity, minority languages and sustainable development liburuaren aurkezpena zela eta.

Itziar Idiazabalek egindako lana jasotzen du liburuak baina, harekin batera, arlo horretako hainbat profesionalek ere lagundu dute. Besteak beste, Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Gainera, Oxfordeko Unibertsitateko Suzanne Romaine, Columbiako Unibertsitateko Carol Benson eta Boliviako Unibertsitateko Inge Sichra ere izan dira. tziar Idiazabalek aurkezpenean azaldu zuen bezala, liburua ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz idatzi dute, baina etorkizunean euskarara ere itzultzea da nahia, nahiz eta, oraingoz, inbertsio ekonomiko ezagatik, nagusiki hiru hizkuntza horietan egon. Liburua doan eskura daiteke Interneten bitartez.

“Hizkuntza biziberritzeko legeak balio handikoak dira, baina gizarteak ez badu zuzenean parte hartzen, nekez izango du arrakastarik. Biak behar ditugu”, azaldu zuen Itziar Idiazabalek. Gainera, ildo beretik, EHUko Linguistika eta Euskal Ikasketak saileko katedradunak ere azaldu zuen hizkuntza gutxitu batek funtziona dezan eta arrakasta izan dezan beharrezkoa da gizartea, gutxienez, eleanitza edo elebiduna izatea. Hau da, irakaskuntza publikoetan ere beharrezkoa da hizkuntza gutxitu horretan ikastea; bestela, “hizkuntza horrek ez du inolako etorkizunik”, ebatzi zuen. Hau da, “hizkuntza gutxiratuak biziberritzeko komunitatearen beraren parte hartze zuzena ezinbestekoa da”.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ere, hizkuntza gutxituen egoeraz ere hitz egin nahi izan zuen, baina, bere kasuan, euskalgintzaren beraren egoeratik, euskararenetik. Baztarrikak azaldu zuen bezala, hizkuntza biziberritzeko euskal ereduari begira, mundua ezin da ulertu bere-berea duen hizkuntza aniztasuna alboratuz. “Gizarte demokratiko eta aurreratuen eraikuntza baldin eta egingo bada berdintasunaren, ekitatearen eta askatasunaren oinarri demokratikoen gainean, beharrezkoa da kontuan hartzea hizkuntza aniztasuna”.

Gainera, euskararen egoera azaltzeko, sailburuordea Euskal kasuari buruz ere mintzatu zen: Juan Jose Ibarretxeren Giza Garapen Iraunkorrari buruz, azaldu zuen identitatearen, kulturaren, euskal hizkuntzaren defentsa ez dagoela soilik zilegi den gertaera politiko batekin lotuta, hau da, egungo mundu globalizatuan nortasun bat aldarrikatzearekin; gainera, lotura zuzena du Giza Garapen iraunkorraren lorpenarekin. “Herri gisa dugun nortasunean sakontzea lotuta dago gaur, atzo, eta are gehiago egongo da bihar, autogobernuaren bidez giza garapen iraunkorra lortzearekin”.