Gasteizko Udalaren Reutilizagune zerbitzua Hondakinen Prebentzio Astearen Europako saria eskuratzeko hautagaia da administrazio publikoen kategorian. Epaimahaiko bost adituek Europan hondakinak sortzea murrizteko abiatutako 14.500 ekimen baino gehiagoren artean hautatu dute udal zerbitzua.

Pascual Borja Gasteizko Udaleko Ingurumen Kudeaketako zinegotziak nabarmendu du finalisten artean egoteak "ibilbidea babestea eta bermatzea eta gure herritarrek egindako lan ona aitortzea" esan nahi duela. "Izan ere, haien laguntzari esker, Reutilizagune moduko ekimen berezi baten arrakasta izatea lortu dugu denon artean", gaineratu du.

Izendapenaren bidez, Reutilizagune zerbitzua orain Europa mailan ezagutaraziko dela esan du, "hondakinak murrizteko eta produktuak berrerabiltzeko estrategien adibide gisa". Zerbitzuari esker, produktuen bizitza luzatu eta, horrela, eguneroko kontsumoak duen ingurumen inpaktua murriztu daitekeela gogorarazi du.

Reutilizagunek garapenerako bi lankidetza proiekturekin kolaboratzen du

Horrez gain, Reutilizagunek garapenerako bi lankidetza proiekturekin kolaboratzen du, Gineako Konakryn eskola bat eraikitzen lagunduz eta Kolonbiako Ibague hirian gazteen eraldaketa sozialerako jarduerak bultzatuz. Lankidetza horiei esker, Reutilizagunek alderdi sozial eta solidarioa ere baditu, ingurumenaren arloan betetzen duen jarduera garrantzitsuaren osagarri.

Hondakinen Prebentzio Asteko Europako sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 18an izango da, Marseillan. Bost kategorietako bakoitzean, komunikazioa eta ikusgarritasuna, edukiaren kalitatea, originaltasuna eta jardueren jarraipena eta inpaktu iraunkorra hartu dituzte kontuan hautagaien azken aukeraketa egitean.

Reutilizagune

Borjak azaldu duenez, Reutilizagune zerbitzuaren bitartez, "erabiltzaileek artikuluak dohaintzan eman eta jaso ditzakete, baita autokonponketa tailerrean parte hartu ere. Horri esker, baliabide naturalak errespetatzen dituen kontsumo ereduari balioa ematen diogu".

Gainera, udal zerbitzua kalera ateratzen da urtean zehar, ekitaldi tematikoen bidez Reutilizaguneri ikusgarritasuna emateko eta herritarrak parte hartzera animatzeko asmoz. Horietan, jostailuak, altzari txikiak eta erabilitako liburuak banatzen dituzte.

Reutilizaguneren helburua da egoera onean dauden botatako artikuluei bigarren bizitza ematea

Benito Guinea kaleko kokaleku berrian ireki zenetik, Reutilizaguneren helburua da egoera onean dauden botatako artikuluei bigarren bizitza ematea, eta abian egon den lehen urtean 16.000 artikulu baino gehiago berrerabiltzea lortu du, aurreko urteetako datuak bikoiztuz.

Zerbitzuaren erabiltzaileek 288 telebistaren erabilera luzatzea lortu zuten

Reutilizagunek egindako jardueren artean, joan den apirilaren 20an jardunaldia antolatu zen, eta zerbitzuaren erabiltzaileek 288 telebistaren erabilera luzatzea lortu zuten. Telebistak otsailaren 14ko itzalaldiaren ondoren Gasteizko garbiguneetara iritsitakoak ziren, eta LTD gailu bat jarrita, berriro ere erabilgarri bihurtu eta hondakin gisa kudeatzea saihestu ahal izan zen.