Txakolinaren Ibilbidea eta Aiaraldeko eskaintza enoturistikoa aurkeztuko du Arabak
Txakolinaren Ibilbideak eta Aiaraldeko turismo enpresek eskualdeko enoturismo eta produktu eskaintza aurkeztuko diete Portoko (Portugal) bidaia agentzia, banatzaile eta komunikabideei asteartean, urriaren 29an, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatutako ekitaldi batean. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eskualdean turismoa bultzatzeko finantzatu duen inbertsioen foru programaren baitan dago ekimena.
Hain zuzen, Aiarako Kuadrillako toki erakundeek, hainbat txakolin upategi, landetxe eta apartamentu turistiko, jatetxe, edari banatzaile, museotako ordezkariek eta Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako lehendakariak osatutako ordezkaritza batek bidaia teknikoa hasi du Porto hirira eta Duero haranera, Cristina Gonzalez Arabako lehen diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatua buru dela.
"Bidaia profesional honek bi helburu ditu: Portoko upeltegien, turismo enpresen eta adituen enoturismoko esperientzia arrakastatsuak eta jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutzea, eta Txakolinaren Ibilbidea eta Aiarako natura, ondare eta gastronomia eskaintza aurkeztea eta ezagutaraztea Portugalgo hirian eta haren eragin eremuan", azaldu du Gonzalezek.
Horretarako, ordezkaritza enoturismo eskaintzagatik ezagunak eta aintzatetsiak diren upategiak bisitatuko ditu datozen egunetan, ardoaren turismo jasangarriari eta marketinari buruzko lan saio batean izango da Rita Marquas Portugalgo Turismoko Estatu idazkari ohiaren eskutik, enoturismoko jardunbide egokiei buruzko adituen hitzaldietara joango da, eta World of Wine ardoaren museoa eta Porto eta Douroko Ardoen Institutua ezagutuko ditu.