Arabako Foru Aldundiak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lehenengo estatutuak argitaratu ditu, Carlos III. Espainiako erregeak 1773an sinatutako errege zedularen kopia bat, hain zuzen ere. Jatorrizko dokumentua duela 250 urte inprimatu zen Gasteizen eta Arabako Artxiboan egongo da ikusgai hilabetez.

1773ko abuztuaren 10ean, Carlos III.a erregeak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen behin betiko estatutuak onetsi zituen errege zedula baten bidez. Dokumentu hori 1774an inprimatu zuten lehen aldiz Gasteizen, Tomas Robles inprimategian.

Bada, horren oroitzapena egiteko, Arabako Foru Aldundiak, Artxibo Zerbitzuaren eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bitartez, jatorrizko eskuizkribuaren eta lehen inprimaketaren faksimile erreprodukzio bat argitaratu du.

Camino Urdiain obrarekin batera doan azterlan historikoaren egileak ere parte hartu du ekitaldian, eta, ondoren eman duen hitzaldian, dokumentuaren esanahia eta garrantzia azaldu die ekitaldira joan diren Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kideei.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zen Espainiako koroaren agindupeko lurretan sortu zen lehen erakundea, garai hartako nekazaritzaren, merkataritzaren eta industriaren hobekuntzaren bidez ekonomia eta gizartea garatzeko interesa zuten nobleziako, kleroko eta burgesiako pertsonak elkartzeko.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eredutzat hartuta, antzeko dozenaka elkarte sortu ziren Espainian eta Amerikan, eta arrazionalismo ilustratuari eta liberalismo politikoari buruzko Europako ideia berriak eztabaidatzeko eta zabaltzeko forotzat balio izan zuten.

1785ean Montehermosoko markesa izendatu zuten Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zuzendari, eta handik aurrera arabar entzutetsuek garrantzi handia hartu zuten elkartearen barruan -haietako batzuk Arabako diputatu nagusi izan ziren-. Hain zuzen, horregatik da dokumentua gaur egun Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa.