Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aste honetan egingo ditu hiru campusetan 2025-2026ko ikasturteko nazioarteko ikasleei ongietorria egiteko ekitaldiak. Lehena Gipuzkoako campusean izango da (Donostia), astelehen honetan, irailaren 15ean, bigarrena Arabakoan (Gasteiz), asteartean, hilaren 16an, eta azkena Bizkaikoan (Leioa), irailaren 17an.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, unibertsitatea bera eta eskolatik irtetean parte har dezaketen lankidetza, kultur edo kirol jarduerak ezagutu ahal izango dituzte ikasleek jai giroan.

Guztira, 500 ikasle inguruk parte hartuko dute hiru ongietorrietan, batez ere Europako herrialdeetatik heldutakoek, baina baita urrutiagotik etorritakoek ere, hala nola Uruguai, Costa Rica, Kanada, Kazakhstan, Hego Korea, Singapur edo Japoniatik.

EHU lanean ari da hizkuntza plangintza euskararen inguruan ardaztutako eleaniztasun harmonikoa sustatzen duen zeharkako ildoa izan dadin, eta Galesko ordezkaritzak euskara zehatz-mehatz ezagutzeko interesa du

Joan den ikasturtean trukerako egonaldia egin zuten EHUn 1.700 ikasle inguruk, eta aurtengo ikasturterako oraindik martxan dago bigarren lauhilekorako izen-emate prozesua.

ONGIETORRIA

Joxerramon Bengoetxea errektorearen lehen ongietorria izango da astelehen honetakoa Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Hasi aurretik, Cardiffeko Unibertsitateko ordezkaritza batekin bilduko da, campuseko Errektoreordetzan. Galesko ikasle, irakasle eta kargu akademikoen taldeak EHUk Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoan duen egitekoa ezagutu nahi du.

EHU lanean ari da hizkuntza plangintza euskararen inguruan ardaztutako eleaniztasun harmonikoa sustatzen duen zeharkako ildoa izan dadin, eta Galesko ordezkaritzak euskara zehatz-mehatz ezagutzeko interesa du; horregatik, bisita programa berezia prestatu zaie.