Síguenos en redes sociales:

Animaliak Babesteko Zentroa berritu dute eta abenduaren 17an, igandean, ate irekien jardunaldia egingo dute goizez

Hitzaldiak, tailerrak eta Armentiaganan dagoen udal-baliabide honetara egindako bisita gidatua egingo dira programa horren barruan

Animaliak Babesteko Zentroa berritu dute eta abenduaren 17an, igandean, ate irekien jardunaldia egingo dute goizezJana Roman

Animaliak Babesteko Zentroa Armaentiaganako 101 zenbakian dago eta abenduaren 17an, igandean, herritarrentzat ateak irekiko ditu berritutako instalazioak erakusteko eta etxe-animaliak kontrolatzearekin eta babestearekin lotuta egiten dituen lanak ezagutarazteko. Osasunaren Udal Zerbitzuak animalien adopzioa sustatzeko tailerrak eta hitzaldiak antolatu ditu.

Ate irekien jardunaldia 10:30ean hasiko da instalazioetara bisita gidatua eginda. Bertaratzen direnek, zentroko talde teknikoaren eskutik, animalia bat Animaliak Babesteko Zentrora iritsi eta erregistratzen denetik adoptatu arte egiten duen prozesu osoa ezagutzeko aukera izango dute.

Osasun zinegotziak, Ana López de Uraldek, herritarrak ate irekien jardunaldian parte hartzera animatu nahi izan ditu “instalazio berriak ezagutu ditzaten, animaliak nola zaintzen eta arreta nola ematen diegun ikus dezaten eta, etxean animaliaren bat izateko asmoa dutenen kasuan, adopzio-prozeduraren berri izan dezaten. Animaliak Babesteko gure Zentroak etxeko kide berri bihurtuko den maskota bat eskain diezazukete”.

Maskota bat adoptatzeko interesa dutenek beren zalantzak argitzeko aukera izango dute animalia horiek etxean jasotzeari eta zaintzeko moduari buruzko hitzaldiarekin. Gainera, gertutik ezagutu ahal izango dituzte Animaliak Babesteko Zentroko txakur batzuk, “Usaimenaren tailerrean” parte hartu ahal izango dute eta albaitaritzako eremua bisitatuko dute.

Animalien zaintzak eta ongizateak duen garrantziaren inguruan kontzientziatzeko, horiek modu arduratsuan izateari buruzko bideoa eskainiko dute, informazioa emango dute eta adopzioan dauden animaliak ezagutzeko aukera emango dute.

Jardunaldian, gainera, haurrentzako jarduerak ere izango dira: aurpegi-margoketa, mozorro-tailerra edo naturako materialak erabilita collageak egiteko tailerra. 11:30etik 14:00etara bitartean izango da.

Bisita gidatura eta ‘Adoptatu berriak diren animaliei etxean harrera egitea eta haien zainketak’ hitzaldira joateko interesa dutenek izena eman beharko dute Udalaren webgunearen bidez.

Osasunaren Udal Zerbitzuak jakinarazi duenez, beren maskotekin batera doazenek ezingo dute bisita gidatura edo hitzaldira haiekin batera joan segurtasun-arrazoiak direla eta.