Tokiko Gobernu Batzordeak 2024ko Inauterietan parte hartuko duten konpartsentzako dirulaguntzen deialdia eta oinarriak onartuko ditu. Dirulaguntzak 2024ko udal-aurrekontuan erreserbatuta 90.000 euroko kontu-saila du.

Aste honetan onartutako oinarriak laster argitaratuko dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari ofizialean (ALHAO), Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) eta Udalaren webgunean.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa da deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Eskaerak Hiritarren Arretarako Bulegoetan aurrez aurre edo Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurketu beharko dira.

Dirulaguntzaren zenbatekoa karrozak eraikitzeko, soinua jartzeko eta partaideen mozorroak egiteko inbertitu ahal izango da. Bilerekin lotutako gastu batzuk (janaria edo edaria) edo desfileetako partaidetzarekin lotuta ez dagoen erregaiarena, adibidez, ez dira diruz lagunduko.

Konpartsa onuradunek 3 ekitalditan hartuko dute parte: otsailaren 6an egingo den konpartsen aurkezpenean, otsailaren 10 eta 11n egingo diren inauteri-desfileetan, eta otsailaren 13ko sardinaren ehorzketan.

Kultura eta Hezkuntza Sailak kudeatzen du deialdi hau konpartsei laguntza emateko, Inauterietan parte-hartzea sustatzeko eta kultura herritarrengana gerturatzeko helburuarekin. Festak herritarren gogoarekin eta ilusioarekin ospatzen direnean, denok izaten gara irabazle”, adierazi du, Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Deialdiari buruzko informazio eta dokumentazio guztia Udalaren webgunean, Gasteizko Udalaren Herritarraren Arretarako Bulegoetan, eta 010 eta 945161100 telefono-zenbakietan egongo da eskuragarri.