Izkiko Parke Naturalak ondare immaterialarekin lotutako balio ugari ditu, eta parkearen 25. urteurrena dela eta, jende asko ari da hura ezagutzen. Haietako batzuk historikoak, artistikoak eta sozialak dira, hala nola gobernantza sistemak edo lanbide eta ezagutza tradizionalak, eta badira erlijiosoak eta espiritualak ere. Ondare immaterialari lotutako balioak ez dira bazterrekoak; alderantziz: balio horiek egituratu ohi dituzte identitate loturak, lotura sinbolikoak eta partaide izatearen lotura, hau da, gizarte jakin bat, bereziki, tokiko biztanleak, naturagune horiekin lotzen dituen sustraitzea eratzen duten loturak.
Zerrenda horretan hizkuntza balioak sartu behar dira: toponimoak edo berezko hitzak. Duela urte batzuetatik hona, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzua hainbat jarduera egiten ari da aberastasun ukiezin hori berreskuratzeko eta balioesteko. Auzolandegiak, zaharberritze lanak, herriko jaiak eta erromeriak berreskuratzea eta bisita gidatuak dira ekintza zerrenda horretako zenbait.
Izkin, naturarekin lotutako hitzen aberastasuna ezaguna da, eta 2017az geroztik, terminoak biltzen ari dira, herrietako bizilagunei egindako elkarrizketa pertsonalen bidez. Izan ere, zenbait bizilagunek gogoan dituzte oraindik fauna, flora, fenomeno meteorologikoak eta geografia gorabeherak izendatzeko moduak, nahiz eta batzuk galduta egon.
150 termino inguru jaso ditu Andoni Llosak, hizkuntza plangintzan eta naturalismoan diplomadunak, eta argitalpen espezifikoen eta zabalkunde jardueren bidez ari dira ezagutarazten.
2023an, Izkiko Parke Naturalaren 25. urteurrenaren barruan, lan hori zabaldu nahi izan da, aldi baterako erakusketa baten bidez. "Naturaren hIZKItegia" izeneko obra horien multzoak bertako fauna eta flora izendatzeko Izkiko bizilagunek erabiltzen dituzten terminoetako batzuk erakusten ditu, Estíbaliz Aguirre artean gradudun eta ilustratzaileak egin dituen 21 irudiren bidez.
Horiek horrela, alfabetoaren letra bakoitza irudikatzen duen irudi bat dago. "A" letraren irudian azorico rapante hegaztia ikus daiteke; hala esaten zaio belatz gorriari, tokiko hizkeran. "B" letraren irudian berniazo zuhaitza agertzen da, alegia, haltz beltza; eta "C" letran, adibidez, colipescado hegaztia, hots, mirua, Izkiko hizkeran.
Erakusketa Korresko Parketxean egongo da ikusgai, 2024ko Aste Santura arte.