- Hotelen sektorea apurka-apurka berreskuratzen ari da 2020. urtean koronabirusaren pandemia hasi ondoren izan zuen eraginetik, baina ez du egonkortasunik lortzen 2019an (pandemiaren aurreko urtea) gertatzen ziren sarrera eta gauei dagokienez. Hori da Eustat Euskal Estatistika Erakundeak berriki argitaratutako azken txostenean ateratako ondorioetako bat.
Hala, txostenean nabarmentzen dutenez, 2021eko balantzean (pandemiak markatutako bigarren urtea), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hotel-establezimenduak ez dira pandemia hasi zenetik jaso duten inpaktu eta kolpe gogorretik berreskuratu. Izan ere, hasierako konfinamenduak, kutsatzeak geldiarazteko murrizketekin batera, bete-betean jo du aisialdiaren sektorea, eta horrekin batera turismoa ere bai: "2021eko balantzean, covid-19aren pandemiak markaturiko bigarren urtean, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetako sarreretan %75,5eko eta gauldietan %73,4ko igoera erregistratu den 2020. urtearekin alderatuta, ez dira berreskuratu 2019an lorturiko kopuruak", azpimarratzen dute txostenean. Hala, iazko urte osoan zehar, Euskal Automia Erkidegoko hotel-establezimenduetan 2.172.927 sarrera erregistratu dira, eta 4.178.716 gaualdi guztira. Kopuru horiek, hain zuzen, 2019an izandako sarreren %68,2ra eta gaualdien %66,7ra iristen dira. "2020. urteari dagokionez, ordea, bi aldagaien hazkundea esanguratsua izan da, eta hazkunde- tasak %75 ingurukoak izan dira Euskal AEn. Lurraldeka, hazkundeak orokorrak izan dira. Araban %83,1 eta %80,3 gehitu dira sarrerak eta gaualdiak, hurrenez hurren; Bizkaian %80,6 eta %75,1, hurrenez hurren; Gipuzkoan %68,0 hazi dira sarrerak eta %69,4 gaualdiak", gaineratzen dute. Zehazki, Araban 27.177 sarrera eta 52.209 gaualdi izan dira abenduan, aurreko urteko hilabete berean baino %220,9 eta %204,6 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, 2021eko abenduan, sarrerak %196,3 igo dira, eta gaualdiak %219,0. Guztira, 83.654 sarrera eta 157.303 gaualdi izan dira. "Azkenik, Gipuzkoan, 2021eko abenduan, 71.005 sarrera eta 127.374 gaualdi izan dira; urte arteko igoera %257,9koa izan da sarreretan eta %286,8koa gaualdietan. Euskal AE osoan, atzerriko jatorriko sarrera eta gaualdien kopuruak gora egin du nabarmen, 2020ko abenduko balioak ia boskoiztu egin baitira", azpimarratzen dute.
Euskadi osotara harturik, 2021eko abenduko batez besteko egonaldia 1,85 egunekoa izan da, hau da, 2020ko hilabete berean lortutakoa (1,76 egun) baino luzeagoa. 2019ko abenduan, aldagai hori 1,84 egunekoa izan zen.
Txosten horretan arduradunek ere kontuan hartu dute hiriz hiri izan duten bilakaera, hau da, ez bakarrik Arabako establezimenduen hotelen bilakaera, baizik eta Gasteizen bertan izan duten bilakaera. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuek ere antzeko bilakaera izan dute, eta hazkunde handiak izan dituzte 2020arekin alderatuz gero, baina aurreko urteetako arrakasta lortu gabe. "Hiriburuek an-tzeko bilakaera izan dute: 2021ean, 2020aren aldean, %88,4 igo dira sarrerak Gasteizen, %80,6 Bilbon eta %74,5 Donostian, eta gaualdiak %83,2, %81,5 eta %80,7, hurrenez hurren", adierazi dute. "2021eko batez besteko egonaldia, Euskal AEn, 1,92 egunekoa izan da, 2020an erregistratutako 1,95 egunekoa baino pixka bat txikiagoa, eta halaber 2019ko 1,97 egunekoa baino txikiagoa", erantsi dute.
Azkenik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hotel-establezimenduetako plazen okupazio-maila %41,1ekoa izan da 2021ean, eta logelen okupazio-maila %48,8koa; beraz, ehuneko 8,3 eta 7,8 puntuko igoera gertatu da 2020. Zehazki, Gipuzkoan, plazen okupazio-maila %44,5ekoa izan da urte osoan; Araban, %40,5ekoa; eta Bizkaian, %38,4koa. Hiriburuen balioak dagozkien lurraldeetakoak baino pixka bat handiagoak izan dira.
Balantzea. 2021eko balan-tzean, covid-19aren pandemiak markaturiko bigarren urtean, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetako sarreretan %75,5eko eta gauldietan %73,4ko igoera erregistratu den 2020. urtearekin alderatuta, ez dira berreskuratu 2019an lorturiko kopuruak, Eustatek landutako datuen arabera.
Gasteizen. Ildo horretatik, 2021. urtean zehar, Euskal AEko hotel-establezimenduetan 2.172.927 sarrera erregistratu dira, eta 4.178.716 gaualdi guztira. Kopuru horiek, hain zuzen, 2019an izandako sarreren %68,2ra eta gaualdien %66,7ra iristen dira. "2020. urteari dagokionez, ordea, bi aldagaien hazkundea esanguratsua izan da, eta hazkunde- tasak %75 ingurukoak izan dira Euskal AEn. Lurraldeka, hazkundeak orokorrak izan dira. Araban %83,1 eta %80,3 gehitu dira sarrerak eta gaualdiak, hurrenez hurren; Bizkaian %80,6 eta %75,1, hurrenez hurren; Gipuzkoan %68,0 hazi dira sarrerak eta %69,4 gaualdiak", adierazi dute txostenean. Hiriburuek ere antzeko bilakaera izan dute, eta hazkunde handiak izan dituzte 2020arekin alderatuz gero, baina aurreko urteetako arrakasta lortu gabe. "Hiriburuek antzeko bilakaera izan dute: 2021ean, 2020aren aldean, %88,4 igo dira sarrerak Gasteizen, %80,6 Bilbon eta %74,5 Donostian, eta gaualdiak %83,2, %81,5 eta %80,7".