- Araba Mobility Lab-ek aurrera jarraitzen du, eta atzo beste urrats bat eman zuen. Mugikortasun iraunkorreko, logistikako eta garraioko ekimen lehiakorretarako proba-banku gisa balio nahi duen laborategia da. Gainera, esparru pribatuko hamar bat bazkidek hartuko dute parte proiektu horretan, eta ardatz eraldatzaile bihurtuko da, atzo Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak adierazi zutenez.

Hala, atzo egindako aurkezpenean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek etorkizuneko mugikortasuntzat jo zuen proiektu hori, eta hiria hura aurrera eramateko agertoki ezin hobea dela ziurtatu zuen. “Gasteiz Green Deal Planaren oinarrietako bat izango den proposamen berri hori gauzatzeko leku perfektua izateko osagai guztiak ditu Gasteizek. Etorkizuneko mugikortasuna eraikiko dugu, enpresa eta erakundeen artean, lankidetza publiko-pribatua sustatuz eta aliantzak eratuz”, adierazi zuen. Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Udalak beste urrats bat eman zuen atzo goizean proiektua martxan jartzeko. Osoko bilkurari Mobility Lab kudeatuko duen fundazioan sartzeko baimena eskatzea onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak -aldundiak ere parte hartuko du fundazioan-, eta fundazioaren estatutuak onartzea. Ekimen horretarako formularik egokiena fundazioarena dela erabaki dute erakundeek, “kudeaketa erabat publikoa izateko borondatea eta beste erakunde pribatu edo publiko batzuek baliabide-zuzkiduran lankidetzan jarduteko aukera uztartzea ahalbidetuko baitu. Beste formula batzuk baino egonkorragoa da fundazioa, independentzia eta gardentasun handiagokoa”, azaldu zuten. Azken buruan, udalbatzak baimendu beharko du Udala fundazio horretan sartzea. Lehen urtean, 153.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak fundazioari.

Ildo horretan, eta gaineratu zutenez, fundazioaren helburuak, onartutako agirien arabera, bat baino gehiago izango dira: lehenik eta behin, Gasteizen eta Araban berrikuntza erraztea da helburu nagusia, esperimentazio-espazioak sortuz eta proiektuak sustatuz. Gainera, administrazio publikoaren, enpresen eta ikertzaileen eta irakasleen arteko topaleku, elkartruke eta lerrokatze gune izatea ere du helburu. Bestalde, kanpoan eta barruan test dualeko espazioak eskaintzea, mugikortasun-laborategiaren funtzionamendu operatiboa markatuko duten prozesuak eta metodologiak diseinatzea, finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea eta finantzaketa-ereduak aztertzea, konponbide teknologikoak eragin sozialera bideratzea eta herritarrek lan-ildoak zehazteko eta proiektu berritzaileak garatzeko unean dituzten benetako beharrak kontuan hartuta, eta teknologian oinarritutako produktu eta zerbitzu berriek gizartean duten eragina aztertzea besteak beste. Gainera, “aldez aurreko azterketaren eta ebaluazioaren bidez, herritarrekin aktiboki lankidetzan aritzea, mugikortasunaren arloan konponbide eta politika publikoak garatzeko”, helburu hori ere badu gaineratu zutenez aurkezpenean.

Helburu horiek betetzeko, garrantzi handikoa izango da proiektura biltzea Mercedes-Benz, Michelin, Talgo, CIC energiGUNE, Tecnalia, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Arabako Parke Teknologikoa, EHU, Eusko Jaurlaritza eta Sernauto. Munta handiko eragile horiek ere fundazioko kide izango baitira. Eta beste enpresabururik ere bildu ahal izango da bertara, proiektu zehatzetan lankidetzan jardun nahi izanez gero”, gaineratu zuten Gasteizko Udaletik atzo.

Gasteiz Araba Mobility Lab esplorazio-espazio fisiko gisa pentsatuta egongo da, “aukera emango baitu mugikortasunaren eta logistikaren arloko berrikuntza garatu eta baldintza errealetan testatzeko”, azpimarratu zutenez.

Horretarako, laborategien eta bestelako espazioen ekosistema gisa diseinatuko da, “alde ugariko proiektu eta lankidetza berritzaileak bertara egokitzeko”, ondorioztatu zuten Gasteizko Udaletik eta Arabako Foru Aldundiatik egindako aurkezpenean. Atzo beste urrats bat egin zen gizarte osoarentzat onuragarria izango den proiektu honetan.

“Leku perfektua izateko osagai guztiak ditu hiriak. Etorkizuneko mugikortasuna da”

Gasteizko alkatea

“Gallia est omnis divisa in partes tres, quarum unam incolunt Belgae, aliam Aquitani, tertiam”

Cargo