Gasteizko Udalak Urarteko baratzeak ustiatu ahal izateko eskaera egiteko epea ireki du ostegun honetan, urriaren 23an, eta azaroaren 21era arte egongo da zabalik. Baratzeak Abetxukun daude, Zadorrako parkean (Eraztun Berdea), baratzezaintza ekologikora bideratuta dagoen udal ekipamendua dira, eta 2007an jarri ziren abian gasteiztarrek laborantzarako gero eta lursail gehiago eskatzen zituztela eta.
Borja Rodriguez Ingurumen zinegotziaren hitzetan, "Gasteizko herritarrek asko estimatzen dituzte Urarteko baratzeak. 2007an abian jarri genituenetik, laborantzako lursail bat izateko interesa handituz joan da. Gure hirian bizi direnak animatzen ditugu horiek erabiltzeko eskaera egitera, aisialdi osasungarrirako modua baitira, norberaren kontsumorako kalitate handieneko lurreko produktuak eskaintzen dituena".
San Martingo bulego teknikoetan, Herritarren Arretarako Udal Bulegoetan edo helburu horretarako aipatutako bulegoetan edo egoitza elektronikoan emango den instantzia eredu normalizatuaren bidez egin beharko da eskaera
Orain arte, lursailak erabili ahal izateko ia 1.500 baimen baino gehiago eman dira. Aurten, 45 lursail baino gehiagorako sarbidea eskaini ahal izango da eta gehienez lau urtez erabili ahal izango dira.
ESKAERA
Lursail bat erabiltzeko eskaera egiteko epea ostegun honetan hasi eta azaroaren 21ean amaituko da. San Martingo bulego teknikoetan, Herritarren Arretarako Udal Bulegoetan edo helburu horretarako aipatutako bulegoetan edo egoitza elektronikoan emango den instantzia eredu normalizatuaren bidez egin beharko da eskaera.
Baratze horietako bat eskuratu ahal izateko baldintzetako batzuk dira adinez nagusia izatea, biztanleen udal erroldan egotea eta deialdia argitaratu den dataren aurreko bi urteetan udal lursail bat erabili ahal izateko baimenik ez eskuratu izana.