- Kaixomaitia 2007an sorturiko euskaldunon harremanetarako gunea da, eta gizartearen aldaketak gorabeheran, komunitatea handitzen joan da etengabe. Jadanik 7.000 lagun badaude bertan izena emanda, erabiltzaile aktiboak gutxiago izan arren.
Gaur egun, www.kaixomaitia.eus domeinuan bikote edo gaueko zita baterako pertsona bat ezagutzeaz gain, KMblogean sartzeko aukera dute erabiltzaileek, non erlazio afektibo eta sexualei buruzko hainbat artikulu eta informazioa argitara ematen diren.
Kaixomaitiaren sustatzailea den Iñigo Arandiaren hitzetan, helburu nagusia erlazio afektiboak euskaraz lantzeko gune bat bermatzea da, "euskara hutsean egon dadila euskaldunentzat aukera hau",
"Geroz eta gehiago adineko jendea sartzen ari da, eta kasu hauetan bai, horiek gehiago bilatzen dute bakardadeari aurre egiteko konpainia afektiboa", dio Arandiak.
Web-a sail ezberdinetan antolatuta dago: LTGBI kolektiboari zuzenduta bat, beste bat 55+; "jeneralistagoa" den Kaixomaitia ere badago, baita Kaixomaitale saila ere, "bat baino gehiago behar duenentzat" lelopean. "Hortik aurrera, interpretazioa librea da".
Zergatik euskaraz eta euskaldunentzat? Interneten bazeudelako bestelako webguneak eta Arandiak berak euskararekiko zuen konpromisoari erantzuna emateko."Gazteleraz bizi direnek badute hainbat aukera", azaldu du Arandiak.
Estereotipoak estereotipo, ez omen da gezurra euskaldunei gehiago kostatzen zaigula animatzea eta mota honetako webgunetan sartzea, nahiz eta azken urteotan gauzak nabarmen aldatu. "Argazkia jartzea ere gehiago kostatzen zaigu", aitortu du Arandiak. Nonbait, euskaldunen komunitatean kamuflatzea zailago dela pentsatzen baitugu.
Hala ere, aurten Kaixomaitia "asko hazi da". Arandiak ez du batere argi Covidaren eraginagatik ote den, otsailean egindako kanpaina indartsu baten ondorioa den, ala bi faktoreek izan duten eragina hazkunde honetan.
Kaixomaitiaren funtzionamendua oso erraza da behin kaixomaitia.eus web orrian sartutakoan. Erabiltzaile berriak aste betez doan proba egiteko aukera izango du. Ondoren jarraitu nahi izanez gero, erraza da aurrera egitea eta harremana euskaraz bizi nahi duten pertsonak ezagutzea. Gero, gerokoak.