- Iragan hurbilean oinarritu du bere etorkizun profesionala Josu Santamarina ikerlari arabarrak. Duela aste bat amaitu zituzten Oketa eta Burbona mendietan Euskal Herriko Unibertsitateak gerra zibilaren inguruan egindako zundaketak -Zuia eta Zigoitia inguruetan-, Josu koordinatzailea izanda. Bertan aurkitutako elementu batzuk -dio-, bereziak izan dira, baina beste batzuk haien susmoak baieztatu dituzte.
Oketan eta Burbonan duela aste bat egindako indusketak ez dira Araban egin dituzuen bakarrak, ezta? San Pedro eta Ketura horren adibide dira.
-Bai. San Pedron, Amurrio eta Urduña artean (Aiaraldean), izan gara 2016tik 2018ra -hori izan zen azkenengoa- eta aurten laugarrena egin nahi dugu udazkenean, urrian. San Pedroko proiektua izan da Aztarna elkarte etnografikoarekin batera EHUren partetik bultzatu genuen lehenengoetariko proiektua zentzu honetan, gerra zibilaren arkeologia eta abar. Oso garrantzitsuak izan dira horretan botere lokalak -udalak eta kontsejuak, bertako herri txikiak-. San Pedron aztarna arkeologikoak oso ondo kontserbatzen badira izan da agente lokal guzti hauei esker. 2017an Zigoitian beste indusketa bat izan genuen, Keturako posizioetan, bunker errepublikanoetan. Bertan, lur azpian ez genuen asko topatu, baina bunker horietan oso interesgarria da hainbat grafiti daudela, milizianoek egindako grafitiak alegia. Ikertu egin genituen, kobazuloetan paleolitiko margoak ikertzen diren bezala.
Zer desberdintasun atzeman dituzu hauen artean?
-Asko, egia esanda. Hain zuzen ere, aztarnategi guzti hauen artean bilatu duguna aniztasuna izan da. Azkenean, ikerketa ildo honek bilatu izan duena izan da gerra zibilaren arkeologia honetan are gehiago sakontzea -honen inguruko arkeologia aipatzen baduzu, jendea igual buruan dauka batez ere Aranzadik eta Pako Etxeberria forenseak egiten duten lana gorpuen inguruan eta abar, baina ez da hori bakarrik-. Izan ere, gorpuen historia honekin lotuta dago, gatazka belikoaren izaerarekin eta biolentziarekin. Horri testuinguru bat eman nahi zaio guzti honekin. San Pedron arreta deitzen duena da kontserbazio maila eta pieza arkeologikoen ugaritasuna. Bertan, kanpaina bakoitzean 1.000 pieza inguru dokumentatu ditugu. Gainera, bakoitzarekin tratamendu indibidualizatua egiten da, inbentario oso zehatza. Informazio asko ematen digu gainera. San Pedron borrokaldiak hain gogorrak izan ziren ia CSI moduko lan bat egin daitekeela. Hori da San Pedron oso interesgarria dena. Gainera, ikasleekin praktikak egiten genituen, eta eskola arkeologiko bat bezala zen. Bertan biolentzia da aipa-tzekoa, zein gordina izan zen. Keturaren kasuan, grafitiek indibidualtasuna aurkezten dute, ikustea borrokalariak zeintzuk ziren, izen eta abizenekin, zein ideologia zeukaten -aipatzen da UGT, igitaia eta mailua, etab., horren inguruan dagoen sinbologia-.
Eta Oketan eta Burbonan?
-Oketan interesgarriena da biziraupen estrategia, nola milizianoek moldatu ziren zonalde hain altuan egonda -1.000 metro baino pixka bat gehiago, neguan- eta biziraun zuten. Oketan dagoena herrixka izendatu dugu, ematen duelako artzainen herrixka moduko bat dela. Gorbeiako artzainei kopiatu zieten pixka bat estrategia. Burbonaren kasuan, berriz, gerraren ikuspegi xume bat lortu nahi genuen, kontrakoa. Beste kasu batzuetan igual bunkerrak eta ikusten baldin badira, Burbonan oso xumea da ikusi duguna, estruktura bat normalean usteldu edo desagertu egingo zena eta dokumentatu nola borrokalariak egon zitezkeen basoan kamuflatuta, ia naturarekin bat eginez paradojikoki, oso gerra modernoa eta teknologikoa bilakatzen ari baitzen.
Indusketak hasi baino lehen, ikerketa lan izugarria egin behar da, ezta?
-Kasu honetan, operatiboki edo logistikoki, egia esan, aurten Eusko Jaurlaritzari esker diru laguntza bat jaso dugu gerra zibilaren ondare arkeologikoaren inguruan lan nahiko unibertsal bat egiteko. Inguru horretan, Oketan (Zigoitian) lan egiteko beste arrazoi bat gizarte lokala izan da. Abadelaueta elkarte etnografikoarekin lan egiten dugu bertan. Abadelaueta da Zigoitian dagoen eragile kultural nagusia, eta haien ondarean oso interesatuta daude. Hainbat ikerlari gara haiekin lan egiten dugunak. Gainera, Zigoitiako web orrialdean bi ibilbide daude memoria historikoari buruz, bata fronte errepublikanoa ardatz duena, eta bestea fronte frankista, biak daudelako udalerrian.
Azkar egin dituzue bi indusketa hauek, ezta? Hamar bat egunetan?
-Bai, leku bakoitzean bost egun eman ditugu. Oketan hiru zundaketa egin nahi izan ditugu, diagnostikoak izan direnak, hiru egitura mota ikertu nahi genituelako; txabola bat (Oketan 20 baino gehiago daude), lubaki zati bat, eta tiratzaile postu bat (borrokaldia azter-tzeko). Burbonakoa da estruktura zehatz bat, bunker ekologiko eta organiko bezala.
Espero zenutena aurkitu duzue?
-Emaitzak denetarikoak izan dira, egia esan. Oketan konfirmatzen da paisaia oso ondo kontzerbatzen dela eta oso ikusgarria dela, herrixka miliziano hori mila metro baino gehiagora dagoela oso ondo kontzerbatzen dela, eta lan topografikoa egin nahi dugu kaleak egon beharrean lubakiak daudelako. Hori berezia da, ez da artzainen herrixka bat. Lur azpia Oketan ez da hain aberatsa izan; ohikoak diren piezak aurkitu ditugu: bala-zorro bat, arantzadun hesiaren parte bat, lata bat eta bota pare baten zolak, iltzeak dituztenak. Burbonan ere, piezen inguruan ez dugu ia ezer topatu, baina bagenekien. Hala ere, hor positibo izan dena da gure teoria baieztatu egin dela. Izan ere, uste genuen hor egon behar zela halako bunker bat baina lurrez eta egurrez egina, eta hala izan da. Topatu dugu tiratzaile postu bat harria moztuz jarritakoa, lurrari forma eman zioten eta teilatu bat egin zuten inguruko pagoen adarrak erabiliz. Ez da inoiz horrelakorik dokumentatu arkeologian, eta hau izan da lehendabizikoa. Gerraren ikuspegi xumeago bat aurkezten du.
Teknologiek arkeologiarekin bat egiten duten bitartean (droien erabilerarekin, GPS-ekin, etab.) covid-19ak aurten gauzak zaildu ditu, ezta?
-Bai. Izan ere, arkeologia lan kolektibo bat da. Ez da posible bakarka egitea. Beraz, isolamendu soziala beharrezkoa den garai honetan, arkeologiak oso positibo daukan ekintza soziala mugatzen da. Halako indusketetan beti saiatzen gara ikasleak ekartzen, praktikak egiten, etab. Nik lan egiten dudan ikerketa taldean urte luzez Gasteizko katedral zaharrean egon da, eta obretan eta irekia lema oso garrantzitsua izan da, dena sozializatu, publiko egin, etab. Maskarak erabili ditugu, gel hidroalkoholikoa, eta beste proiektuetan bezala azken momentura arte ez genekien egin ahalko genuenik ala ez.
Koronabirusak arkeologia egiten den era aldatuko du hurrengo hilabete eta urteetan?
-Ez dakit. Seguruenik kalte ekonomikoak nabarituko ditugu, hori bai, arkeologia zientziekin eta kulturarekin lotuta baitago. Murrizketak egongo dira, baina lanean segurtasun neurriak hartuta posible izan daiteke aurrera ateratzea. Hori bai, diru-laguntzak ez badaude, apustu hori egiten ez bada, ez da posible izango.
Nola deskribatuko zenuke, zentzu horretan, Araban egiten den arkeologiaren egoera?
-Ni belaunaldi gazteenaren parte naiz. Duela urte batzuk, burbuila espekulatiboa lehertu baino lehen, antza, arkeologian lan dezente zegoen, obra asko zegoen eta obra askok eskatzen zuten inpaktu arkeologikoa aztertzea. Ni 2008ko belaunaldikoa naiz. Arkeologia profesionala ia desagertuta dagoela ikusten da. Orduan, batzuetan proiektu publikoetara jo behar izan dugu. Nire kasuan, adibidez, unibertsitate publikoan lan eginda, hori da nire esparrua. Uste dut aspalditik dauden arazoak daudela; prekarietatea, diru falta eta interes gutxi egia esan arkeologian. Orokorrean, espainiar estatuan esango nuke hori dela arazo nagusiena.
Eta zuk zer egingo duzu hemendik aurrera? Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
-San Pedroko azken kanpaina modukoa egin nahi dugu. San Pedron gauzak pixka bat lotu nahi ditugu eta museizatu, baita txukun jarri eta azken emaitzak atera -behintzat, lehenengo fase bezala, eta fase honi pixka bat amaiera eman-. Gainera, kontratu tenporala daukat eta hurrengo urtean amaituko zait. Tesia defendatuko dut eta, teorian, doktore izango naiz.
"San Pedro, Ketura, Burbona eta Oketan egonda bilatu duguna aniztasuna izan da"
"Oketan interesgarriena da biziraupen estrategia, 1.000 metrora zegoen zonalde batean egonda"
"Abadelaueta da Zigoitiako eragile kultural nagusia, eta haien ondarean oso interesatuta daude"
"Beste proiektuetan bezala, azken momentura arte ez genekien egin ahalko genuenik ala ez"
"Diru-laguntzak ez badaude, apustu hori egiten ez bada, ez da posible izango"
"Aspaldiko arazoak daude; prekarietatea, diru falta eta interes gutxi, egia esan, arkeologian"