- Mugikortasuna murriztu da eta antolatutako jarduerak eta jendaurreko ekimen guztiak bertan behera geratu dira Gasteizen covid-19 koronabirusaren hedapena eteteko asmoz. Arduraz jokatu eta osasun erakundeen gomendioak jarraituz, GEU Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak hainbat neurri hartu dituzte, eta neurri horiek antolatutako hainbat egitasmotan eta haien barne lan dinamikatan eragina izan dute.
Horregatik, jasotako gomendioei eta aginduei jarraiki, Oihaneder Euskararen Etxean eta GEU Elkartean datozen egunetarako antolatuta zeuden ekintza batzuk bertan behera uztea erabaki dute larrialdia baretu arte, adibidez, postre begetariano tailerra, igandeak jai, familia irteerak, Mintza ibilaldiak, GEUrekin Mendira, Parral emanaldiak, euskarazko film laburren XVII. zirkuitua eta euskal arte eszenikoen inguruko topaketa, besteak beste.
Egun hauetan konfinamendua bete behar dugu coronavirusari aurre egiteko. Horren ondorioz, GEU elkarteko arduradunek difusio talde ezberdinetatik interesgarriak egiten zaizkien baliabideak bidaltzen dituzte maiztasunez, eta iturri ezberdinak erabiltzen dituzte proposamenak topatzeko (ipunak, eskulanak, olerkiak, app-ak,...). Batzuetan haiek ere sortzen dituzte euskarri hauek.
"GEU Elkartearen orbitan publiko oso ezberdinak daude: familia gazteak, hezitzaileak, euskara ikasleak, mendizaleak€ eta normalean haiengana heltzen gara GEU elkartearen proiektu ezberdinen bidez", adierazi dute antolatzaileek.
Haien ohiko programazioan sukaldaritza lantegiak, ibilbide gidatuak eta mendira irteerak, besteak beste, dituzte hilabetero. "Ekintza horiek faltan botatzen ditugu. Horregatik pentsatu dugu ideiak, erronkak eta edozein motatako proposamenak botako dizkiogula gure publikoari, etxeko egonaldia ahalik eta arinen pasatzeko helburuarekin. Beraien interakzioa bilatzen dugu eta online bidezko harreman hotza nolabait epeldu ideia ezberdinekin".
Adibidez, sukaldaritza erronkan, kurtso hasieran "Sukaldaritza Osasuntsua" lantegian egindako errezeta bat zabaldu zuten. "Mintzalagunei proposatu genien egitea eta gurekin partekatzea lortutako arrakasta edo porrota€ Aurrerago ikusiko ditugu emaitzak".
Egonaldia luzatuko denez, etxetik egin daitezkeen proposamen ugari dituzte buruan. Egun hauetan sare sozialen bidezko mikroipuin lehiaketa bat antolatu dute. Eta aurrerago GEU Elkarteko bazkideei eta Gasteizko Mintzalagunei argazki bat bidaltzea eskatuko diete. Jasotzen dituzten guztiekin collage bat osatuko dute.
Beste aldetik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak sortutako gida ere zabaldu dute. Eta Argia astekariaren multimedia kanalean sartzera gomendatzen dute, 2.000 ikus-entzunezko pieza ezberdin biltzen dira: dokumentalak, erreportajeak, elkarrizketak € eta guztiak euskaraz, oso bilduma interesagarria da. Baliabide hauek web gunean eskegita daude (https://geuelkartea.eus/).
Konfinamenduaren ondorioz, ehunka mintzalagunen bilerak bertan behera geratu dira. Mintzalaguna programak astean behin euskaraz hitz egiteko elkartzen ditu Gasteizko taldekideak, normalean taberna edo elkarte gastronomikoetan. "Argi dago bizi ari garen egoera ez ohiko honetan ezinezkoa dela errutina hau mantentzea. Beraz, GEU Elkartetik edonork eskura izan dezakeen irtenbidea proposatu dugu; bideo dei bidezko Gasteizko Mintzalagun bilerak. Gure web gunean Hangouts aplikazioa erabiltzeko argibideak zabaldu ditugu, gure mintzalagunek bakoitza bere etxetik hitzordua mantendu dezaten", adierazi dute.
Mintzalagun batzuentzat ordu hori izaten da euskaraz hitz egiteko duten aukera bakarra, beste batzuentzat euskara ikasketa prozesuan atzean ez geratzeko aukera. "Orokorrean berrogeialdiak dakartzan aspergarritasunez ihes bide polita izan daitekeela pentsatzen dugu. Guk Hangouts proposatu dugun arren, zerbitzu hori eskaintzen duen aplikazio eta programa ugari daude; animatu zaitezte mintzalagunak, online bidezko bilerak astero egitera", adierazi dute arduradunek.
Itxialdiak irauten duen bitartean, etxean euskaraz praktikatzeko hainbeste aukera daude.
"Egia da etxean egon behar garenetik online bidezko ekitaldiak zabaldu direla eta yoga zein musika klaseak jaso ditzakegula etxean. Horien berri gure sare sozialen bidez zabaltzen ditugu, GEU Elkartearen profila Twitter zein Instagramen, eta ekimen oso interesgarriak topatu ditugu. GEU Elkartearen web gunean bestelako euskarriak zabalduko ditugu", aipatu dute ekimenen antolatzaileek.