Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Neiker teknologia zentroa AI4SoilHealth Europako proiektuan parte hartzen ari da, Horizons Europe programaren barruan, tresna digital aurreratuen bidez Europako lurzoruaren osasunaren monitorizazioa indartzea helburu.

Hain zuzen, Neikerreko iturriek jakinarazi dutenez, helburua da erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat garatzea, lurzoruaren egoera zehatz eta etengabe eta lurralde eskala desberdinetan ebaluatu ahal izateko, iturri ezberdinetako datuak integratuta eta nekazariek, lurralde kudeatzaileek eta arduradun politikoek sistema erabil dezaten erraztuta.

Sistemaren oinarri teknologikoa Soil Health Data Cube izenez ezagutzen den analisi tresna berritzaile baten inguruan egituratzen da. Azpiegitura digital horrek Europako lurzoruaren egoerari buruzko milioika erregistro antolatu eta erkatzen ditu, aldagai klimatikoetatik hasi eta pH, karbono eduki eta antzeko beste adierazle fisiko-kimiko batzuetaraino. Datu horiei esker, hainbat adierazle sortu ahal izango dira lurzoruaren osasuna ebaluatzeko, askotariko inguruneetan.

Adimen artifizialeko teknika aurreratuen bidez, sistemak aukera ematen du hainbat faktore aldi berean aztertzeko, aldagaien arteko erlazioak detektatzeko eta lurzoruaren propietateak aurreikusteko, 30 metroko bereizmenean eta hiru urtean behin, Europa osorako.

"Hori jauzi kuantitatibo bat da aurreko tresnekin alderatuta, lurzoruen bilakaera modu dinamikoan eta pertsonalizatuan bistaratzeko aukera ematen baitu eta erabiltzailearen beharretara egokitzen baita", azaldu du Lur Epelde Neikerreko Baliabide Naturalen Kontserbazio Saileko ikertzaileak.

Europar partzuergoko Espainiako Estatuko bazkide bakarra den heinean, Neikerrek bertako datuak ematen dizkio sistemari, eta liderra da proiektuaren ekarpen berritzaileenetako batean, hots, lurzoruaren analisian adierazle biologikoak txertatzean, lurzoruaren funtzionamendu ekologikoa eta ekosistemei eta nekazaritzari ematen dizkien zerbitzuei eusteko gaitasuna ulertzeko.