- Sei betaurreko, 15 buzo eta 50 zapi busti Ertzaintzaren 71 poliziarentzat. Euspel Ertzaintzako profesionalen elkarteak salatu duenez, Ertzaintzak ez du materialik koronabirusaren aurka babesteko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lehenbailehen neurriak har ditzala kutsatuen kopurua “handitu” baino lehen.
“Egunez egun kutsatzeko arriskuan gaude, behar bezain babestuta ez joateagatik”, azaltzen dute Euspeletik egunkari honetan. Ildo beretik, pertsona berberek zehaztu dute kutsatzeko duten arriskua ez dela larriena; izan ere, haiek ere infektatu dezaketela ere jakinarazi dute: “Pasadan egunean, etxebizitza batera joan behar izan genuen, emakume batek lapiko bat sutan utzi zuelako, eta giltzak bere etxe barruan. Iristerakoan, auzokide bat hitz egiten hasi zitzaigun, eta azken momentuan bere etxeko familia batzuk koronabirusak jota zeudela onartu zigun”, diote, eta gaineratzen dute: “Babestuak joan izango bagina, ez genuke izango jardun bakoitzean kutsatzeko arrisku hori”. Gertakari horretaz gain, Euspeletik diote ezin dutela berrerabili edo ordu gehiegi egon maskara berarekin, eta ez dute logikotzat jotzen betaurrekoak partekatzea edo zerbitzu bakoitzerako bat ere ez izatea. “Premiazko neurriak” hartzen ez badira, datozen egunetan ertzain asko koronabirusak jota egongo direla ziurtatu dute. Izan ere, atzo jada baieztatu zituzten Bilbon kutsatutako bost ertzain: “Guk ere familia dugu, uniformea kentzerakoan, gure seme-alabekin ere joaten gara. Ez dugu gure lan postura etortzeari utzi nahi, gure lanarekin betetzen jarraituko dugu, baina polizia-ibilgailuak gehiago desinfektatu behar dira, material gehiago eman behar digute eta babestu behar gaituzte, besteei ere babestu ahal izateko”, nabarmendu dute.
Horregatik guztiagatik, maskarak, betaurrekoak, buzoak eta desinfekzio handiagoa eskatzen dute, premiaz. Gainera, astelehenetik aurrera, Ertzaintzak txandak bikoiztu beharko ditu eta 12 orduz egon beharko du lanean. Bestalde, atzo Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Bideberriko adingabeen zentroan esku hartu behar izan zuten. Antza denez, hainbat adingabe gela batean giltzapetu eta bi gizarte hezitzaileri eraso egin zieten. Hori dela eta, Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu behar izan ziren, eta hainbat adingabe identifikatu zituzten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo ziurtatu zuenez. Ildo horretan, Euspelek ere deitoratu du agente horiek babestu ez izana, ez kutsatzeko; izan ere, gerora jakin zutenez, “gazte horietako batzuk kutsatuta zeuden”.