gasteizko Udalak eta ON:GIZ elkarteak -genero berdintasunaren alde egiten du lan- aitatasun arduratsuari buruzko lantegien hirugarren edizioa aurkeztu zuten atzo, Gure seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna eraikiz izenburuarekin. Aurtengo edizioan lau ardatzetan egongo da oinarrituta tailerra.
Lehenengoak aitatasun tradizioanala berrikustea izango du helburu, eta bertan aitatasunaren gizarte-eraikuntza, zaintzaren kontzeptua eta haren kultura-egokitzapenak, aitatasunaren eragina balioen transmisioan eta ardura erruduntasunaren aurkako gaiak landuko dira. Bigarren atalean kudeaketa emozionala eta aita eta tutoreen seme-alabenganako harremana landuko da, zenbait gaien bidez; emozioak eta beren garrantzia hezkuntzan, emozioak eta sentimenduak antzematea eta adieraztea, edo seme-alabenganako harremana zaintzea, besteak beste. Hirugarrena, berriz, tratu ona eta indarkeriarik gabeko komunikazioaren ingurukoa izango da. Indarkeria matxista eta enpatiaz aparte, errespetua eta laguntza ere landuko dira. Azkenik, etxe berri bat eraikitzeko unea helduko da, berdintasuna behin eta berriz azpimarratuz. Udalaren Hezkuntza zerbitzuko zinegotzia den Felipe Garciak eta ON:GIZ elkarteko kide den Eduardo Portillak Eustateko Denbora aurrekontuen inkestei buruz hitz egin zuten, biztanleen gizarte ohiturei eta eguneroko bizitzari buruzko informazio zehatza ematen baitute, horiek egunean duten denbora erabiltzeko ikuspegia aintzat hartuta. Bertan, zaintzaren ikuspegitik, genero-arrakala oraindik nabarmena dela ageri da.
"Gizarte feminista eta benetan parekidea eraikitzeko ezinbestekoa da gizonek aktiboki parte hartzea hazieran, etxeko zereginen eta zaintzaren lan-kargaz arduratuz. Izan ere, hazieran dagoen ezberdintasuna galga handia da emakumeentzat, espazio pribatuan zein publikoan. Hori dela eta, beharrezkoak dira lantegi hauek bezalako ekimen publikoak", azaldu zuen Garciak.
Portillak adierazi zuen aurreko edizioetan oso esperientzia onak bizi zituztela. Lehenengo ekimenean 14 aita eta tutore ibili ziren tailerrean, eta bigarrenean beste 12. Oraingoan, otsailetik maiatzera iraungoko du tailerrak eta bi informazio hitzaldi emango dira hasi baino lehen. Lehenengoa hurrengo asteazkenean ospatuko da, 18.30etan Salburuko gizarte etxean, eta bigarrena ostegunean, 18.00etan Zabalganako gizarte etxean. Gasteizko udalaren eta Haurreskolak partzuergoaren Haur Eskoletako 0 eta 3 urte bitarteko haurren aitak edo tutoreak diren gizonei dago zuzenduta tailerra, baina plaza libreak egonez gero, Haur Eskoletan matrikulaturik ez dauden 0-3 urteetako haurren aitek edo tutoreek ere izena eman ahal izango dute.