- Bai Euskal Herrian bai Araban gero eta enpresa gehiago ari dira euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Hor daude, esate baterako, Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak.
Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen alor sozioekonomikoan. Hala ere eta horren harira, badaude hutsuneak industriako euskarazko hiztegi teknikoan eta askotan zailtasunak dituzte industria alorreko harremanak euskaraz garatzeko. Hori esan zuen Alexander Arriola SPRIko zuzendari nagusiak, pasa den azaroaren 21ean Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Foroan. Euskara eta industriari buruz aritu ziren, hizkuntzaren egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak identifikatu nahian.
euskarazko glosarioa Puntu horretatik abiaturik, zuzendari nagusiak azaldu zuen SPRI barruan euskarazko glosario bat prestatzen ari direla, industria 4.0rako jauzia euskaraz ere egin dezaten. Alexander Arriolak emandako hitzaldia Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan izan zen.
Parte-hartzaileek eztabaida eta haien iritziak partekatzeko gosari batean elkartzeko aukera izan zuten. Bertan izan ziren, besteak beste, Mutualia, Ibermatica, Kautenik, Beterri-Buruntzako Udalak, Manahmana, Elhuyar Aholkularitza eta Ceit-IK4ko ordezkariak.
Sei bat urte pasa dira Industria 4.0 kontzeptua munduan estreinakoz erabili zenetik eta Alemanian izan zen. Ordutik hona, mundu osora zabaldu den kontzeptu honek hainbat deskribapen berenganatu ditu: laugarren industria-iraultza, fabrikazio aurreratua, industria adimenduna edota ziber-industria, besteak beste. EAEk bere estrategia propioa garatu du industria-iraultza berri honi heldu eta aurrera egiteko: Basque Industry 4.0.
Euskal Herri mailan Arriolak goraipatu zuen lankidetza, konexioak eta digitalizazioa beharrezkoak direla tamaina ezberdinetako enpresak garatu ahal izateko. Enpresa txiki eta ertainetan saiakera berezia egin behar dela nabarmendu nahi izan zuen, iraultzara gehitzeko laguntza behar dutelako; ildo horretatik, zuzendaritzaren inplikazioa eta langileen formazioa arlo teknologikoan ezinbestekoak direla azpimarratu zuen SPRIko zuzendari nagusiak.
Industria 4.0 aroan barneratu diren hiru enpresen adibideak ekarri zituen Enpresarean Forora: Ibarmia, Erreka eta Zumaiako GKN. Guztiek baieztatu dute teknologia berrien garrantzia eta horietara egokitzeko beharra.
enpresarean foroa Bai Euskarari Elkartearen Enpresarean proiektuaren zati bat da Foroa. Enpresen eta profesionalen arteko hausnarketa eta elkarrekintzarako gune bat da. Enpresarean Foroaren formula da aditu batzuen eskutik hitzaldi bat eskaintzea, ideiak eta hausnarketak partekatzen lagunduko duena, eta ondoren elkarlana bideratzeko topagunea. Enpresen eta profesionalen arteko harremanen maiztasuna handitu eta eremu geografikoa zabaldu nahi dute, Euskal Herri osoan egoteko eta, topaketa izateaz gain, enpresa ikuspuntutik zerbait ikasteko aukera eskaini nahi dute.