kalean erdaraz hitz egiten duten euskaldunen kopurua adierazgarria bada ere, apurka-apurka gora doa euskararen erabilera Gasteizko kaleetan. Euskarazko ezagutza gero eta handiagoa den bitartean praktikak ez du hainbeste aurrera egiten. Zergatik? Hainbat arrazoi daude, besteak beste, euskara ikasten ari direnak ez dira euskaraz hitz egitera animatzen; hizkuntza jakin eta menperatu arren, lagun askok euskaraz aritzeko aukera gutxi dituzte; nahiz eta euskaldunak izan, ohituraz euskaraz gutxi egiten dute beste batzuek. Arazo horiei aurre egiteko eta kaleko eta etxeko ezagutza eta praktikaren arteko espazioa irabazteko Gasteizko auzo elkarteek gogor egiten dute lan, besteak beste, Aranbizkarra, Arantzabela, Aranbide eta Salburua auzoetan.
Euskharan Kultur Elkartea (Amaia zentroa, Isuntzatarren kalean) 1998. urtean sortu zen, Gasteizko Ipar-ekialdeko auzuneak baitan hartzen dituen 7. alaba auzo elkarteko komisioak hala bultzatuta, izan ere, Aranbizkarra/Aranbide-Arantzabela auzoetako bizilagun euskaldunek euskaraz aritzeko txoko baten beharra zutela sumatu zuen. Inguruko eragileekin elkarlanean, euskaldunen sareari bultzada berezia ematen saiatzen da elkarte hori, familia transmisioan bereziki eraginez.
Hirian euskararen erabilera sustatzea du helburu Euskharanek, Aranbizkarra, Arantzabela eta Aranbide auzoetan bideraturiko proiektu eta jardueren bidez.
Arduradunek adierazten dutenaren arabera, euskararekiko harreman sendoa duten hainbat ekimen antolatzen dituzte. Alde batetik, mintza praktiketako taldeetan 50 lagun inguru elkartzen dira lau multzotan banaturik. Beste aldetik, aiton-amonen taldean 20 lagun daude, bi multzotan banaturik. Gainera, ostiraletan 25 lagun aritzen dira dantzan, albokan edo panderoko klaseetan.
Larunbatetan umeentzako aukera zabala prestatzen dute hiru auzotan, eta bataz beste 30-40 ume elkartzen dira astebururo auzo bakoitzean. Ekimen puntualak ere antolatzen dituzte eta parte hartze zabala izaten da. Adibidez, udan udaleku itxiak egiten dituzte, eta bertan 50 lagun inguru batzen dira zazpi begiralerekin batera.
giro euskalduna Zoritxarrez, Aranbizkarran, beste auzo askotan bezala, euskararen presentzia oso murritza da, baita euskaraz dakiten lagunen kopurua ere. Baina euskaldunak badaude, eta euskaldunak ez direnak baina euskara eta euskal kultura maitatzen duten bizilagunak ere badira mordoa. Euskharan Kultur Elkartearen arduradunek adierazten dute zein den auzoaren giroa. “Euskarazko edozein ekitaldi antolatzen denean, auzoko jendeak bikain erantzuten du. Baina euskara ez dago egunerokoan txertaturik, eta horretan gabiltza lanean”.
Auzoan euskarari bultzada emateko familia bidezko transmisioan sinesten dute, horregatik hainbat ekintza ume, gazte eta helduei daude bideratuta. Horrek esan nahi du heldu, gazte eta umeek euskaraz egiteko aukera dutela.
Haurren presentziak eragin baikorra lortzen du auzoan euskararen erabileran. Gazteak eta umeak dira euskaldunen gehiengoa. Izan ere, ume gehienek euskaraz ikasten dute, beraien aiton-amonek izan ez zuten aukera. Elkartearen antolatzaileen arabera, horrela bai lortu ahal izango dute auzo euskalduna, “dakienak erabiliz eta ez dakienak ikasiz”.
Beste aldetik, gazteen aisialdian ere euskara txertatzea oso garrantzitsua da. Horretarako kurtsoan zehar, ostiralero 17.00etatik 20.00etara, espazio autogestionatu bat eskaintzen zaie. Bertan beraiek erabaki behar dute zer egin, baina betiere arau bakarra, euskaraz aritzea.
elkarlanean Gasteiz osoan euskararen erabilera bultzatzea du helburu. Horretarako, Euskharan elkarteak harreman sare zabala lortu du Gasteizen euskarari bultzada eman nahi dioten eragileekin. 7. alaba auzo elkartea eta Bertso Eskolarekin batera jaio zen, eta gaur egun harreman hori mantentzen da. Gainera, Gasteizko auzo ezberdinetako elkarteekin harremanetan dago, hala nola euskaltegi batzuekin (IKA, AEK eta Udaberria).
Horrela Euskharanen eskaintza Gasteiz osora hedatzen ari da. Gaur egun Gasteizko 18 auzo eta 25 ikastetxetan proiektu integral bat eskaintzen dute, adin guztietarako ekimen eta tailerrak antolatuz, 4 urteko umeetatik hasita aiton-amonetaraino.
DENDAK Beste aldetik, gero eta auzokide gehiagok pentsatzen dute komertzioen euskararen mapa egitea beharrezkoa litzatekeela, hau da, euskaraz non egin dezaketen markatzea. Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten saltokiak dira horiek, eguneroko bizitza euskaraz jarduteko aukera ematen duten saltokiak hain zuzen. Duela urte gutxi 7. alaba auzo elkarteak, Euskharan elkartearekin batera, proiektu bat jarri zuen martxan, auzoko denda txikietan. Dendariei saltzen zituzten proiektuen txarteltxoak eman zizkieten, produktuaren irudia eta euskarazko hitza zuten txarteltxoak.