Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentro teknologikoak eta Lasai Marine eguzki eta elektrizitate propultsioko ontziak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen dituen enpresak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute aisialdiko ontzietan eguzki eta elektrizitate propultsioko teknologia berriak garatzeko.
Bi aldeek jakinarazi dutenez, elkarlanaren helburua da aisialdiko ontzien industria deskarbonizatzen laguntzea, elektromugikortasunaren arloan berrikuntzak eginez, eta, besteak beste, propultsio elektrikoa kontrolatzera, eguzki energia fotovoltaikoaren atzipena handitzera eta itsasontziak arintzera bideratuko dituzte proiektuak.
Ildo horretan, abian dagoen proiektuetako bat Se-Boat da; zero emisioko aisialdiko ontzien Europako merkatuaren buru izatea du helburu, energia metatzeko teknologiei, eguzki eta elektrizitate propultsioari, kontrolari, jasangarritasunari eta itsasontziaren egiturari buruzko ikerketa eginez.
Eusko Jaurlaritzak enpresen I+G laguntzeko duen Hazitek programako proiektu bat da, eta Tecnaliaz eta Lasai Marinez gain, elkarlanean ari dira Supsonik, Masermic, Birziplastic Quimibber, Cidetec, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Gaiker.
Gaur egun, Lasai Marine da eguzki eta elektrizitate propultsio bidezko soluzio baten bidez propultsatutako ontzi bat merkaturatzen duen fabrikatzaile bakarra. Proiektuaren helburua da epe ertainean lider izatea zero emisioko aisialdiko ontzien Europako merkatuan, 12 metro arteko eguzki eta elektrizitate propultsioko itsasontziak ardatz hartuta, horrela etorkizuneko zero emisioko aisialdiko ontziaren oinarriak finkatzeko.
BESTE DATU BATZUK
Oraingoz, material jasangarri eta birziklagarrien ehunekoa handitzea aurreikusten da, azkenean guztizkoaren %70 izan daitezen lortzeko; gaur egungo aisialdiko ontzietan, berriz, %5-10 dira material egokitu horiek. Proiektuak 33 hilabeteko iraupena du, eta 137 lanpostu sortzea aurreikusten da, 37 zuzenekoak eta 100 zeharkakoak.
Eguzki eta elektrizitate propultsioko ontzien belaunaldi berrirako, honako arlo hauetara bideratuko da ikerketa: energia elektrikoa baterietan metatzeko sistema, kontrol elektronikoko unitateen bidez itsasontzia kontrolatzeko eta gainbegiratzeko sistema, HMI (human machine interface) sistemak, komunikazio sistemak, gauzen Internet (IoT), eta bateriak kargatzeko ontziko potentzia elektronikako sistema edo kargagailu-inbertsore hibrido eta norabide bikoa.
Horri guztiari esker, ontziak, erabiltzen ez denean, aktibo energetiko gisa jardun ahal izango du portuko sare elektrikoan.