Síguenos en redes sociales:

Tenperatura gehiago jaitsiko da asteartean

Arratsaldean eta gauean zaparradak mardulagoak eta trumoitsuak izan daitezke

Tenperatura gehiago jaitsiko da astearteanOskar González

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteartean, azaroaren 12an, antzera jarraituko dugu eta tenperatura are gehiago jaitsiko da. Giroa makurra izango da eta euria egingo du. Kantauri isurialdean zaparradak sarriago botako ditu, batez ere arratsaldetik aurrera. Arratsaldean eta gauean zaparradak mardulagoak eta trumoitsuak izan daitezke, txingorra egitea ere baliteke, eta egunaren amaieran elur kota 1.500 metrotik behera jaits daiteke. Hegoaldean euria eskasagoa izango da.

Ipar-ekialdeko haizea nagusituko da eta kostaldean zakar ibiliko da, eta tenperatura maximoak 10 eta 15 gradu artekoak izango dira. Hiriburuetan, Baionan 9 gradu espero dira gutxienez eta 14 gehienez, Bilbon 10 gutxienez eta 14 gehienez, Donostian 9 gutxienez eta 13 gehienez, Gasteizen 6 gutxienez eta 10 gehienez eta Iruñean 7 gutxienez eta 11 gehienez.

Itsasoan ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta arratsaldean zakartu egingo da, 4-5ekoarekin; itsaskirria edo itsaskia eragingo du, eta arratsaldean itsaski handia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu. Gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke. Itsasgorak 01:16an eta 13:34an izango dira, eta itsasbehereak 07:11n eta 19:42an. Uraren tenperatura 17 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

Balorazioa

"Zerua oso hodeitsu egongo da, bereziki arratsalde-gauean. Prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Arratsalde gauean prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugariago Kantauri isurialdean non zenbait lekutan handiak izan daitezkeen. Arratsalde gauean Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Elur-kota arratsalde-gauean jaitsi eta 1000-1200 m inguruan egon daiteke. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da. Arratsalde-gauean izotz txikia egin dezake mendi inguruetan".