Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, uztailaren 4an, eguzkitsu egongo da hegoaldean, eta ipar isurialdean hodeiak ugaritu egingo dira goizean goiz eta gainerako orduetan zerua partez hodeitua geratuko da, leku batzuetan estalita; euria egiteko probabilitatea txikia izan arren ez da baztertzen behe-hodeiek han-hemenka zirimiri apur bat uztea.

Iparraldeko haizea suabe ibiliko da eta ziertzoa ere aurreko egunetan baino suabeago ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez. Hiriburuetan, Baionan 15 gradu espero dira gutxienez eta 22 gehienez, Bilbon 15 gutxienez eta 22 gehienez, Donostian 14 gutxienez eta 21 gehienez, Gasteizen 10 gutxienez eta 24 gehienez, eta Iruñean 12 gutxienez eta 26 gehienez.

Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin, egunaren lehenengo partean mendebal/hego-mendebaldekoa eta bigarrenean ipar-mendebaldekoa nagusituz, eta azken orduetan ekialdera egingo du; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 04:13an eta 16:35ean izango dira, eta itsasbehereak 10:09an eta 22:42an. Uraren tenperatura 20 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Kantauri isurialdean zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zirimiria egin dezake. Mediterraneo isurialdean zerua tarteka hodeitsu egongo da, hegoaldean hodei gutxirekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatuko da eta tarteka bizi ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez".