Bilboko Udalak sustaturiko eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren eta BBKren partaidetza duen bigarren BBK Lagun Guneak kalteberatasun egoeran dauden 1.555 pertsonari eman die laguntza urtarriletik. Gunea Basurtuko Aita Donostia plazako 6 zenbakian dago, eta 2018tik Santutxukoak ematen duen zerbitzua osatzen du.
Proiektuan parte hartzen duten erakundeen arduradun nagusiek zentroa bisitatu eta funtzionamendua ezagutu dute astearte honetan. Han izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Juan Ibarretxe Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia, Josu Peron Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea eta Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidentea.
Azpiegitura berriak 2018tik Santutxun eskaintzen den zerbitzua osatzen du, eta, horrela, azaldu dutenez, "Bilboko auzo gehienei estaldura emateko eta hiriko familia kalteberen ehuneko handiari arreta emateko aukera ematen digu".
Lagun Gunea deritzon proiektuak hiru helburu nagusi ditu: gizarte kohesioa hobetzea, zerbitzuaren erabiltzaileak duintzea eta elikagaiak aprobetxatzea. Helburuok betetzeko, bi Lagun Guneek elikagaiak banatzeko sistema "duinagoa eta pertsonalizatuagoa" dute, eta pertsonak eta familiak dira "prozesuaren benetako protagonistak", gizarteratzen ere lagunduz.
Bada, urtarriletik, Basurtuko BBK Lagun Guneak gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden 788 familiaren oinarrizko premiei erantzun die, hau da, 1.555 pertsonari (horien artean 446 ume). Santutxuko zentroari doakionez, Lagun Guneak 820 familia unitateri laguntzen die une honetan (1.685 pertsonari).
Sustatzaileek nabarmendu dutenez, ekimena erakunde publikoen eta gizarte erakundeen arteko koordinazioaren eta ahaleginaren erakusgarria da, Bilboko Udalak BBKren, Bizkaiko Gurutze Gorriaren eta Bizkaiko Elikagaien Bankuaren partaidetzarekin eta Victor Tapia Fundazioaren lankidetzarekin abiatu baitu.
Horrela, Bilboko Udalak kalteberatasun egoeran dauden familiak baloratu ditu arreta plan pertsonalizatua gertatzeko. Familiako kideen eta premiak baloratzeko beste irizpide tekniko batzuen arabera, familia unitate bakoitzari puntu batzuk ematen zaizkio, hilean behin gehien behar dituen produktuez truka ditzan, erabiltzaileen duintasuna gauza guztien gainetik jartzea ahalbidetzen duen supermerkatuko eredu baten bidez.
Gainera, Basurtuko zentroak, Santutxukoak bezala, familia horiei laguntzeko hainbat neurri eskaintzen ditu. Enplegagarritasuna hobetzeko neurriak hartzeaz gain, etxeko ekonomiako tailerrak, euskara eta gaztelaniako ikastaroak eta kultura arteko programak eskaintzen dira, haurren beharrei erantzuten zaie eta ordainketa farmazeutikoa bultzatzen da.