Euskaltzaindiak Euskararen Gogoetagunea (I) argitalpena plazaratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesarekin. Euskararen Gogoetaguneak 2022tik euskararen etorkizun ikuspegi artikulatua osatzeko ariketan eman dituen lanak biltzen ditu liburuak, Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunearen koordinatzaileak aurkezpenean azaldu duenez.
Sarasuarekin batera, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Andres Urrutia euskaltzainbura eta Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendaria izan dira Donostian astelehen honetan egin den aurkezpen prentsaurrekoan.
Euskararen Gogoetagunea proiektua 2022an aurkeztu zuen Euskararen Akademiak. Ordutik, Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratu da egitasmoaz, eta hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea du xede, ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez.
Honela, argitalpen berrian Gogoetagunearen ezaugarriak azaltzen dira, orain arte egitasmoak emandako emaitzekin batera: Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratutako 'Euskararen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra' ponentzia, eta Jon Sarasuak ondutako Euskararen etorkizun-ikuspegia (euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia) ponentzia.
Agerraldian, Eider Mendozak eskerrak eman dizkie Gogoetagunearen lehen argitalpena ontzeko lanean aritu diren adituei eta egitasmoaren garrantzian jarri du azpimarra. "Euskararen biziberritze prozesua apalaldi batean sartzeko arriskuaz ohartarazten ari dira adituak eta, testuinguru horretan, lehen mailako garrantzia du espazio honek. Ikuspegi anitzak, epe luzeko begirada dutenak partekatuz eta aurrera begira eman beharreko lehentasunak ezarriz, euskararen erabilera indartzeko ekiteko koordenatuak ezartzen ari garelako elkarlanean", nabarmendu du.
Ildo horretan, Gipuzkoako Aldundiaren konpromisoa berretsi du Gogoetaguneak markatzen dituen "koordenatu horiek gure egin eta elkarlanean norabide horretan ekarpena egiteko", beti ere, "elkarlan ikuspegi batetik eta berritzaile izateko bokaziotik".
Bere aldetik, Andres Urrutiak gogorarazi du Euskaltzaindiaren zereginetako bat dela "euskara jagotea eta aitzinatzea", eta, hain zuzen, Gogoetagunean "euskarak bizi duen egoera" aztertzen ari direla, "gero hausnarketa horiek gizarteari eta erakundeei eskaintzeko".