Euskadiko Orkestrak 2023-2024ko kontzertu denboraldia bukatuko du datorren astean Henri Dutilleux eta Richard Strauss konpositoreen obrak interpretatuz, Richard Treviño zuzendariaren aginduetara eta Elena Sancho Pereg sopranoaren parte hartzearekin.

Orkestrak jakinarazi duenez, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira: astelehenean, ekainaren 3, Donostiako Kursaal auditoriumean; asteartean, hilaren 4an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; asteazkenean, ekainaren 5ean, Euskalduna Bilbao jauregian; ostegunean, hilaren 6an, Gasteizko Principal antzokian; eta ostiralean, ekainaren 7an, Donostiako Kursaal auditoriumean. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.

Gainera, oraindik azken kontzertu bat geratuko da Iruñean denboraldia behin betiko amaitzeko; martxoan atzeratutako 'Rakhmaninov / Strauss' programari dagokiona izango da, ekainaren 18an.

Bada, datorren asteko kontzertuen lehenengo zatian Henri Dutilleuxen 'Correspondances' lana entzungo da. XX. mendearen lehenengo eta bigarren erdiaren artean erdibidean harrapatutako konpositore bat izan zen Dutilleux, eta haren aldi berantiarreko sorkuntzarik ederrenetakoa da 'Correspondances'.

20 urte behar izan zituen idazteko: 1983an egin zioten enkargua Berlingo Filarmonikoak eta Simon Rattlek, eta 2003an estreinatu zuten, Dawn Upshay sopranoarekin. Dutilleuxek Rilke, Mukherjee, Solzhenitsyn eta Van Gogh bezalako egileen gutunen zatiak hautatu zituen, bost abestiri forma emateko, eta Elena Sancho Pereg nazioartean proiekzio handienetakoa duen soprano donostiarrak abestuko ditu.

Bigarren zatian, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen 'Sinfonia domestikoa' interpretatuko du. Obrak soinu abentura bilakatzen ditu familia bizitzako pozak eta ezbehar txikiak. 1904an estreinatu zen New Yorkeko Carnegie Hall aretoan, eta nolabaiteko polemika eragin zuen, konpositore alemanak heroi gisa aurkeztu baitzuen bere burua aurreko lanetan, eta batzuei pretentzioso samarra iruditu zitzaien hori, baina oraingoan haren familia bizitzaren erretratu bat zen, egunerokoa eta hutsala, Alemaniako aparatu sinfoniko erromantiko osoaren hizkerarekin.

Bestalde, denboraldi sinfonikoari amaiera emango dion kontzertu programan Musikene ikastegiko orkestra zuzendaritzako ikasleei zuzendutako formakuntza plana egin da. Diziplina horretako hainbat ikaslek prestakuntza topaketa ugari egin dituzte hilabetotan Robert Treviño zuzendari titularrarekin, eta egunotan Euskadiko Orkestraren buru jarri dira kontzertu programaren entseguetan.