Bainu denboraldi ofiziala hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gaur, ekainaren 1ean, eskatutako kalitate estandarrak betez. Hain zuzen, 38 bainu gune daude kostaldean eta bost Uribarri Ganboako (Araba) urtegian, eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako zaintza lanaren arabera, 40 bainu gunek "kalitate bikaina edo ona" dute.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, bainu denboraldian astero aztertzen ditu EAEko 43 bainu guneetako analisi mikrobiologikorako laginak, eta bakoitzaren uraren kalitateari buruzko informazioa ematen du. EAEko hondartzen osasun egoerari buruzko informazioa Osasun Sailaren webgunean aurki daiteke.
Bainu denboraldian zehar uraren kalitatearen aldaketa puntualak gerta daitezke, gehienbat euri jasa handien ondorioz, eta horrek aldaketak eragin ditzake bainurako osasun gomendioetan. Beste denboraldi batzuetan bezala, gorabehera horien jarraipen espezifikoa egingo da, eta herritarrak eta kudeatzaileak jakinaren gainean egongo dira.
Gertakari horiek ikertzeko eta urak zaintzeko jarduerak babesteko koordinazioa dago URA Uraren Euskal Agentziarekin, 2023an sinatutako lankidetza hitzarmenean jasotakoaren arabera. Halaber, lankidetza estua dago Donostiako Udalarekin, kostaldeko beste udalerri batzuekin, foru aldundiekin eta hornidura eta saneamendua kudeatzen duten erakundeekin (partzuergoak).
Aurten, ostreopsis mikroalgaren espezie batzuen presentziari lotutako sintomen agerraldia zainduko da bainularien artean. Horrela, Ostreobila proiektua gauzatzen ari da, GIS Litorale de la Communauté d'Agglomération Pays Basque erakundeak koordinatuta; interes zientifikoko mugaz gaindiko elkartea da, eta euskal kostaldeko lurralde erakundeak eta erakunde zientifikoak biltzen ditu.
Bada, proiektu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, AZTI zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ere parte hartzen dute, eta uretan ostreopsis spp mikroalgaren presentzia, banaketa eta euskal kostaldeko hondartzetan ugaritzea errazten duten baldintzak zainduko dira.