Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdiak Araba ARF Tour doako programazioa eskainiko du hirugarren urtez, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin elkarlanean, eta oraingoan Legutiora eta Zanbranara iritsiko da, ekainaren 8an eta 15ean, hurrenez hurren. Bi udalek ere lagundu dute antolakuntzan.
Amann & The Wayward Sons blues rock talde bizkaitarra
Hain zuzen, jaialdiko arduradunek jakinarazi dutenez, Amann & The Wayward Sons blues rock talde bizkaitarra eta Colapso punk rock, reggae, ska eta rap talde gasteiztarra arituko dira Legution, eta Los Retros rock and roll talde bilbotarra eta Vuelo 505 rock talde errioxarra Zanbranan.
Eskerrak, laguntzaileei, "interesa eta laguntza izan dutelako"
Azkena Rock Festival jaialdiaren antolakuntzak eskerrak eman dizkie Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Legutioko eta Zanbranako udalei, "urtero ARFren garra Arabako hainbat herritara eramaten duten kontzertu horiek hartzeko interesa eta laguntza izan dutelako".
Gasteizko jaialdia ekainaren 20, 21 eta 22an ospatuko da aurten ohiko Mendizabaleko gunean
Gasteizko jaialdia ekainaren 20, 21 eta 22an ospatuko da aurten ohiko Mendizabaleko gunean, eta hainbat estilotako artistak arituko dira zuzenean, hala nola Queens Of The Stone Age, Band Of Horses, Sheryl Crow, Jane's Addiction, L7, Mavis Staples, Warren Haynes Band, Tarque & La Asociación del Riff, Redd Kross, Arde Bogotá, Ty Segall, PiLT, The Real McKenzies edota Lendakaris Muertos. Orotara 56 taldek joko dute, ondorioztatu dute prentsa-ohar baten bitartez antolatzaileek.