Aste honetan egin dute Valladolideko Udalean Vitoria-Gasteiz partaide den Hiri Konektatutak proiektuaren jarraipena egiteko laugarren batzordea. Europako proiektua Estatu mailan erreferentziazkoa da eta Espainian ez dago halako besterik. Gaur egun, udal hauek osatutako elkartea ari da aurrera eramaten: Valladolid, Valentzia, Gasteiz, Logroño, Gijón eta Fuenlabrada.

Sei hiri horiek bideratzen ari diren proiektuaren helburua da administrazioen arteko lankidetza eta elkarlanaren paradigma berria garatzeko oinarriak finkatzea, herritarrei mugikortasun-zerbitzuak modu erraz, soil eta erosoan eskaintzeko.

Herritarrak erabakien erdigunean jartzeko gaitasunari esker, proiektua sistemari lotutako hirietako garraio publiko tradizionaleko zerbitzu guztien zutabe integratzaile bihur daiteke, eta udalerrietan mugikortasun partekatuko zerbitzu berriak eskuratzeko sortzen diren beharrei erantzun.

Proiektu aitzindaria da eta estandar komunak dituen edozein hiri edo garraiobide txertatzeko aukera eskaintzen duen kode irekiko plataforma sortzen ari da.

Garraio publikoa malguago eta lehiakorrago bihurtzeko helburu nagusiarekin, berrikuntza eremu homogeneoa sortzeko bidean ere aurrera egin da, garraio publikoan eta mugikortasunean digitalizazioa sustatzeari lotutako proiektuen bideragarritasuna ziurtatuko duten balioztatze-metodoen estandarizazioan aurrera egiteko.

Proiektuaren % 80 bainko gehiago dago esleituta eta zeregin eta hiri guztietan aurrerapen handiak egin dira. Orain, proiektuaren hurrengo pausoa izango da aplikazio integralaren (MUEVITY izena izango du) lehen emaitzak lortzea datorren urtearen hasierarako. Gero, plataforma zerbitzuan jarriko litzateke 2025. urtearen amaieran.

Egitasmoaren helburu nagusia da hiri anitzeko plataforma digitala garatzea eta ezartzea, kode irekian, mugikortasuneko datuak modu integratu eta elkarreragilean jasotzeko, prozesatzeko eta ustiatzeko. Aplikazio bakarrean, eskaintzaren informazioa denbora errealean eskuratu ahal izango da. Gainera, bidaien plangintza, prezio onena lortzeko modua eta erabiltzaile motaren araberako moldagarritasuna ere izango ditu, eta % 100ean irisgarria izango da.