Síguenos en redes sociales:

Elkartasuna eta gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea

Dendaraban ireki duten denda solidario batek gizarte- eta lan-inklusiorako Gizarteratu ikastaroetan egindako lanen aukeraketa bildu du

Elkartasuna eta gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeaUtzita

Dendaraba merkataritza-gunean denda-erakusketa solidario bat egongo da zabalik urtarrilaren 8ra arte. Denda horrek Gasteizeko Udalak antolatzen dituen gizarte- eta lan-inklusiorako Gizarteratu ikastaroetan egindako lanen aukeraketa biltzen du. Dekorazioko objektuak, altzariak, arropa, bisuteria eta abar erosi ahal izango dira dohaintza baten truke. Baina, batez ere, programa horietan parte hartzen dutenek prestakuntza jasotzeko eta lan-merkatuan beren tokia lortzeko egindako ahaleginaren erakustaldia dira lan horiek.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez azpimarratu zutenez, Gizarte Politiken Udal Sailaren Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak urte osoan zehar egiten du lan sozialki eta lan arloari dagokienez gizartean barneratu nahi dutenekin. Hamaika arrazoi direla eta, lan arloko prestakuntza- eta hezkuntza-sistematik kanpo geratu diren eta gaur egun espazio hori berreskuratu nahian ari direnak dira. Udalbatzako ordezkariak aste honetan joan dira prestakuntza-programetan emandako ordu ugari horiek izandako emaitza gertu-gertutik ezagutzera. Ekitaldi horretan bertan izan dira ikastaroetako begiraleak eta ikasleak.

Garai batean, ikastaro horien helburua okupazionala bakarrik zen, enplegura bideratu gabe. Baina duela sei urtetik, gizarteratzeko eta lanerako inklusio-taldeak bideratzen duen programazioaren helburua da hori jasotzen duten pertsonek prestakuntza-edukiak aukeratu ahal izatea eta eskulana behar duten gune profesionalak aztertzen ditu. Horren bidez, eskaintza eta eskaria bateratu nahi dira.

Ikasketako gune horiek (Norabide, Bidelan eta Ignacio Ellacuría zentroan dagoen lokal bat) ikasle helduek eta trebeek erabiltzen dituzte eta hizkuntza, administrazio, curriculum eta kontziliazio arloetako oztopoak gainditzen saiatzen dira.

“Egindako produktuak saltzeko tokia eta erakusketarako gunea irekitzea horiek egin dituzten pertsonen gaitasuna, kalitatea eta ahalmenak gizartean aitortzeko modua da. Gainera, horri esker, partaide diren komunitatean partaidetza normalizatua eta harremanak izan, eta hizkuntza mailako trukea egin ahal izango dituzte”, adierazi du Gizarte Politiken zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok. Izan ere, egitasmoaren helburua da prestakuntza jasotzen ari diren eta epe ertainera begira abilezia eta aukera profesionalak izango dituzten pertsonei ikusgarritasuna ematea.

Azkenik, honako hau izango da erakusketa hori Dendaraban egiten den azken urtea; "izan ere, hurrengo hilabeteotan, Udalak tailerrak eskainiko dituen zentro berria irekiko du San Bizente Paulekoaren kalean. Bertan, erakusketa eta komunitatearekin egindako trukea iraunkorrak eta jarraituak izango dira. Aste hauetan ikusgai egongo diren artikuluak honako ikastaro hauetan azken bi urteotan egindakoak dira: ehungintzako eta larruzko artikuluen konponketa eta moldaketa, jantzigintza eta moda, altzarien dekorazioa eta zaharberritzea, zurgintza eta altzari txikiak egitea… Denda 10:30etik 13:30era, eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik", ondorioztatu zuten.