Ertzaintzak arreta eskatu du euskal errepideetan
Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatzen du errepidean, sei eguneko jai zubiaren aurrean
Konstituzioko eta Sortzez Garbiaren eguneko zubian mugikortasuna areagotuko dela aurreikusita, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak zuhurtzia areagotzeko eskatu die gidariei datozen jai-egunotan.
Gaur hasita igandera, abenduaren 10era, bitartean, Euskadiko errepide-sarean areagotu egingo dira joan-etorriak, bai barnekoak bai Estatuko beste leku batzuetarakoak. Arretaz gidatzea gomendatzen da batez ere Armiñongo lotunean, Araban (lehengo AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan), Iparralderako mugan AP-8an eta Kantabriako mugan A-8an.
Eguraldiak laguntzen badu, azken puntu horretan guztira 260.000 joan-etorri izan daitezke datozen 6 egunotan, kontuan hartuta 2021eko zubiko egun-kopuru berean (abenduaren 3tik 8ra bitartean) 240.000 joan-etorri erregistratu zirela. Iaz, aldiz, 380.000 joan-etorri erregistratu ziren 10 eguneko zubi luzean.
Iparraldeko mugan, AP-8an, Biriatun, 2021ean 143.000 joan-etorri erregistratu ziren. Kopuru hori aurten 165.000ra iritsiko dela aurreikusten da. (2022an 300.000 joan-etorri izan ziren).
Bestalde, Armiñongo lotunean 2021ean 153.000 joan-etorri baino gehiago erregistratu ziren, eta aurten 180.000 joan-etorritara irits gaitezke. (Iaz 260.000 izan ziren).
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gogorarazi du aurten, urtea hasi zenetik, 41 pertsona hil direla errepideetan. Zifra horrek gora egiten jarrai ez dezan, arduratsuak eta zuhurrak izateko eskatu die Euskadiko errepide-sarearen erabiltzaile guztiei.
Istripuen tasa
Iaz, zubiko 10 egunetan (abenduaren 2tik 11ra bitartean) Ertzaintzak 73 trafiko-istripu erregistratu zituen, eta 13 zauritu larri izan ziren.
Denboran atzera eginda, 2021ean izan zen, aurtengoa bezala, sei eguneko zubia. Eta urte horretan, abenduaren 3tik 8ra bitartean, Ertzaintzak 49 trafiko-istripu erregistratu zituen eta 3 zauritu larri izan ziren.
Gomendioak:
Bidaiari hasiera eman aurretik:
Garrantzitsua da errepideen egoerari buruzko informazioa izatea. Eusko Jaurlaritzak trafikoaren egoerari buruzko denbora errealeko informazioa ematen du honako baliabide hauen bidez: trafikoa.euskadi.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twitter kontua, TrafikoaEJGV APPa eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakia.
"Komeni da eguraldiaren aurreikuspenak euskalmet.euskadi.eus webgunean jarraitzea eta bidaia horren arabera planifikatzea. Eguraldi txarrarekin zuhurrago ibili behar da, abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurretik doazen ibilgailuekin. Pneumatikoak eta beira-garbigailuak egoera onean izan behar dira istripuak saihesteko, bereziki eguraldi euritsua denean", Ertzaintzaren arabera.
Drogak, alkohola eta botika batzuk ez dira bateragarriak gidatzearekin.
Ez da arretarik galdu behar, hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten istripuetako faktoreetako bat izaten baita. Ohikoenak diren arreta-galtzeak, hala nola, gidatzen den bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzea, istripu askoren atzean dauden faktoreak dira.
Bidaian:
Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
Komeni da atsedenaldiak egitea gutxienez bi orduz behin edo 200 kilometroz behin. Nekea eta arreta-galtzeak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.
Bigarren mailako errepideetatik zirkulatzen denean, erne jarraitu beharko dugu, nahiz eta ibilbide ezagunak izan. Gehiegizko konfiantza ez da bidaia-lagun ona izaten.
Temas
Más en Actualidad
-
Defensa ve difícil cumplir un embargo a la compra de armas a Israel y cree que podría sortearse
-
La violencia de género, las adicciones y el maltrato, los motivos que empujan a los menores a fugarse de casa
-
El Consejo de Estudiantes pide rebajar el precio de la matrícula de la UPV/EHU
-
El demógrafo estadounidense Douglas Massey, Premio Princesa de Asturias de Ciencias Sociales 2025