Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea hirigintza-sozietateak bere jabetzako etxebizitzak berritzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, zaurgarritasun egoeran dauden familien eskura jartzeko.
2020an, 21 Zabalguneak eta Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren bidez prozedura bat ezarri baitzen bat-batean bizitegi-bazterketako egoeran egokitzen diren familiei alokairuko etxebizitzak esleitzeko.
Premia handiena duten pertsonei bizileku-irtenbideak ematea da helburua; izan ere, etxegabetasunari aurre egiteko edozein estrategiak, egiturazko elementuetan ez ezik, etxebizitzetara sartzeko urgentziazko bitartekoak hobetzean oinarritu behar du.
Horren haritik, 21 Zabalguneak lau etxebizitza eraberrituko ditu, 300.000 euro inguruko aurrekontuarekin, merkatu librean baino prezio merkeagoan alokatu ahal izateko Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren ustez profil egokiena duten familiei.
Hartzaileak
Programa hori seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateei zuzenduko zaie, edo, salbuespen gisa, seme-alaba adindunak dituzten bizikidetza-unitateei, bat-batean etxebizitza galdu duten gurasoen mendekoak badira.
Betekizun hauek bete beharko dira programan sartzeko:
Etxegabetze-prozedura batean sartuta dauden bizikidetza-unitateak izatea, prozedura horren arrazoia alokairua ez ordaintzea ez bada.
Etxebizitza publikoen eskatzaileak izatea.
Etxebizitzaren alokairua ordaindu ahal izateko diru-sarrera nahikoak dituzten bizikidetza-unitateak izatea.
Etxea antolatzeko trebetasunak dituzten eta tutoretzarik edo gainbegiratzerik behar ez duten bizikidetza-unitateak izatea.
21 Zabalgunearen eta Udalaren arteko lankidetzari esker, alde batetik, hirigune historikoko etxebizitzak birgaitu ahal izan dira, eta, bestetik, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen esku jarri ahal izan dira etxebizitzak.