Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Lontana Group-en 75. urteurrena ospatzeko Bilboko Euskalduna jauregian antolatu den ekitaldian izan da.

Bertan, Lehendakariak balioan jarri du Euskadiko industria-eredu dibertsifikatua eta lehiakorra. Urkulluren esanetan, eredu horri esker egin die aurre Euskadiko industriak azken urteotako erronkei eta zailtasunei. Egungo ziurgabetasun-testuinguruan, Europa hazkunde prozesu batean murgiltzen hasia dela dirudien arren, Euskadiko industria-eredua indartzen jarraitzeko beharra nabarmendu du Lehendakariak.

Ildo horretatik, Urkulluk aste honetan bertan kaleratu diren bi datu positibo ezagutzera eman ditu. Alde batetik, iraileko industria-negozioaren zifra, iazko iraileko datuarekin alderatuta, %4ko hazkundea izan duena; eta bestetik, turismo datuen goraka, %7ko igoera izan duena. Horren harira, Lehendakariak berretsi du Euskadik hazten eta hobetzen jarraitzen duela eta nabarmendu du "agertoki positiboa" dela "gure lehentasunezko helburuan aurrera egiteko: hazkundearen bideari eustea eta Euskadin kalitatezko enplegu-aukerak sortzea".

Azkenik, Lehendakariak enpresa zoriondu du 75 urte hauetako ibilbideagatik eta ekiteko, hazteko, taldean lan egiteko eta etengabeko hobekuntzaren eta inbertsioaren aldeko apustua egiteko izan duten gaitasunagatik. "Bat egiten dut balio horiekin guztiekin, zuen hazkunde-estrategiarekin eta etengabeko hobekuntzaren eta inbertsioen aldeko apustuarekin; zinez sinisten dugulako etengabeko hobekuntzan eta bide horretan lanean jarraituko dugu” esanez amaitu du.